Entzunezko Argia Saria: Antxeta irratia

  • Antxeta irratiak jaso du Entzunezko Argia Saria, Irungo “auzokide patruilen” inguruan egindako ikerketa-erreportajeengatik, eta orokorrean kulturaniztasunari eta arrazakeriaren aurkako ahotsei sakon heltzeagatik. Aurten 25. urteurrena ospatuko du irratiak. Saria Aimar Lopez eta Koldo Nausia kazetariek jaso dute.

Ezkerretik eskuinera, Koldo Nausia eta Aimar Lopez. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2026ko urtarrilaren 30ean - 16:15
Azken eguneraketa: 20:53
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Honengatik saritu du ARGIAk Antxeta irratia:

"Bizi ditugun garai hauek kazetaritza ausarta behar dute, ardi-larruz jantzitako otsoei mozorroa kentzeko gai den kazetaritza, eskuin muturrak hauspoturiko diskurtsoei aurre egiten diena.

Segurtasunaren izenean kaleak patruilatzea helburu omen zuen hiritar taldearen benetako izaera azaleratu du gaurko gure sarituak: taldearen barrunbeetan sartu da eta agerian utzi du delituak prebenitzearen aitzakian, islamofobia, xenofobia eta gorrotorako bazka ezkutatzen direla bertan. Inguruko txoko guztietara iritsi da oihartzuna. Are gehiago, fenomeno horren aurrean beste alde batera begiratzea hautatu zuten erakunde publikoak ere interpelatu ditu irrati honek.

Azken finean, bere ohiko programazioan espazio eta denbora ez gutxi eskaintzen dizkie anti-arrazakeriari eta kulturaniztasunari, bai Irun-Hondarribia eta Hendaia batzen dituen ekosistema berezian, bai Bortzirietan".

Antxeta irratiko Aimar Lopez eta Koldo Nausia kazetariek azpimarratu dute tokiko hedabideen garrantzia eskuin muturraren aurrean: “Beldurraren diskurtsoaren laborategiak dira auzo-patruilak; tokiko kazetariei dagokigu alarma gorria piztea, herritarrak informatuta”.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.