Iruñean San Femin usaina hedatzen ari da egunetik egunera. Santua ate joka ari dela dirudi (tira, Roldan Jimeno historialariak ez zela existitu dio bere tesian). Uztail aurreko asteetan abiadura maila guztietan azkartzen da hirian eta festa sukarra nonahi barreiatzen hasten da.
Beste zantzu askoren artean, entzierroko hesia jartzeak modu berezian eragiten du horretan.
Korrikalariak ere festarakoak aurreratzen ari dira jada. Eta aurten izango da berezitasun esanguratsua: Santo Domingoko korrikalari euskaldun talde batek proposatuta, aurtengoan lehenbiziz entzierroko kantua euskaraz ere abestuko da. Honakoa da abestiaren letra:
Entzun arren San Fermin
zu zaitugu patroi
zuzendu gure oinak
entzierro hontan otoi
Entzierro bakoitzean hiru unetan abesten da kantua, bost, hiru eta minutu bat falta direla. Aldi bakoitzean bi aldiz abestu ohi da eta aurten lehena gazteleraz izango da eta bigarrena euskaraz.
Albistea berez iazko azarokoa da, baina sasoi honetan eskoletan, udalekutan, festetan eta hainbat lekutan abesten da kantua, eta entzierroko euskarazko abestirik ez dagoenez, makinatxo bat bertsio entzun daitezke. Edo besterik gabe erdaraz abesten da. Entzierroko korrikalari lagun batek eguneratu dit gaia eta blogean gogoraraztea pentsatu dut.