Entretenimendu arriskutsua da ur gainean marrak botatzen aritzea

  • Uharri nahiz irla edo kontinente, lehorrean buruhauste nahikorik ez delako edo, uraren gainean marrak ezartzeko ariketa arriskutsuari ekin diote Asia Ekialdean.

Batan irlak, Filipina dira ofizialki, baina Txinak aldarrikatu du euren parte direla. Mark Demayo.

2026ko uztailaren 21ean - 11:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Azken pasadizoa: maiatz hondarrean Bongbong Marcos Filipinetako presidenteak Japoniara egindako bisitaldian, “itsasoz konektatutako auzokideak” omen direlako, adostu zuten, besteak beste, “bi herrialdeen arteko ekonomia-eremu esklusiboaren eta plataforma kontinentalaren itsas-muga zedarritzeko negoziazio formalei ekitea, bat etorriz nazioarteko zuzenbidearekin, bereziki UNCLOS-Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren xedapenekin, dagokion nazioarteko jurisprudentziak gidatuta, eskualdean segurtasun juridikoa bultzatzeko”. Non ote dago horren asmo zintzoaren arriskua?

Bada... mapan. Japonia eta Filipinak itsasoz herrialde mugakideak direla onartzeko, ezikusiarena egin behar zaiolako, batik bat plataforma kontinentalaz ari bagara, tartean geratzen denari. Hau da, Taiwan eta haren inguruko guztiari. Ahotsa gehiegi ozendu gabe, Taipeiko agintariek ere berehala helarazi zieten gaztigua bi itunkideei: aliatuak izango gara, baina…

Jakina, Pekineko gobernuaren erreakzioa askoz zakarragoa izan zen. Itsas-armadaren maniobra zabalak ere abiarazi zituen Filipinetako Itsasoan eta Ozeano Barearen mendebaldean. Beste norbaitek esango zukeen bezala, ahala nondik eratortzen den ahantz ez dadin. Eta begirale baino askoz gehiago izateko grinarik izan ohi ez dutenek ere aintzat hartu dute piztu den talka berriaren sukoitasuna. Noski, alderdi bakoitzak bere gogoeta egiten du, baita urrutiko hirugarrenen ikuspuntuen inguruan ere.

Faktore berritzat har genezakeena gehitu zaio, haatik, gorabehera horri azken hilabetean: Guangzhou-n (Txina) egindako unibertsitate-sinposio batek aldarrikatu du Taiwan eta Luzon irla handien artean errosario-aleak bailiran dauden Batan uharte txiki bezain estrategikoak (Bashi itsasartea kontrolatzen dutelako) Taiwango plataforma kontinentalaren luzapena direla... eta, beraz, Txina. Eta ez, gaur egun diren moduan, Filipinak.

Ez da, oraingoz, Pekineko agintarien politika ofiziala. Baina haien bozeramaileek egin dioten harrera ikusita, etorkizunean hala izan daitekeela pentsa dezakegu.

Berria da Filipinen aurkako kontra-aldarrikapen hori... baina ez guztiz. Antzeko zerbait egiten ari delako jada Txina, askoz sakon eta irmoago, Japoniaren aurka, Ryukyu uhartediaren kontura. IX. mendeko anexioa ezetsi eta haien egungo japoniar-tasuna ukatzea jo-puntuan dela, oraingoz “azterlan-fasean” dagoen deliberoa dirudi. Baina ez da ahuntzaren gauerdiko eztula gogoan hartzen badugu uhartediko irla nagusiak Okinawa duela izena.

Uraren gainean botatako marrak non edo non lehorrera iristen baitira.


Irakurri gehiago: Asia Nazioartea Txina Filipinak
Asia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...