argia.eus
INPRIMATU
Enpresari milioidun bat izango da Ukrainako presidente berria
  • Ukrainak badu presidente berria. Petro Poroxenko enpresari milioidunak bildu ditu bozen %57. Bigarren bozkatuena Julia Timoxenko lehen ministro ohia izan da, %12,39arekin. Poroxenkok guztira bozen %50 baino gehiago bildu dituenez, ez da beharrezkoa izango bigarren itzulia egitea.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 26a
Poroxenko gozogintza industriarekin aberastu zen Ukrainaren independentziaren ondoren (argazkia: RT).

Emaitza ofizialak iritsi aurretik hauteskundeak irabazi dituela adierazi zuen bart egindako agerraldian. Errusiara batu den Krimeako penintsulako herritarrek ere bozkatu dutela nabarmendu zuen, baita errusiazaleak nagusi diren Ukraina ekialdeko eskualdeetako herritarrek ere: “Ukraina osoak bozkatu duela esan dezakegu, eta Ukrainaren hautua dela hau”.

Europar Batasunera gerturatzeko bideari jarraituko diola azaldu zuen, eta “Krimeako okupazioa” ez duela onartuko. Luhanskeko eta Donetskeko errusiazaleekin ez duela negoziatuko aurreratu zuen, armak utzi arte ez behintzat.

Gozogintzaren industriarekin aberastu zen Petro Poroxenko eta urtero agertzen da Forbes aldizkariaren Ukrainako “Top 10” zerrendan. Herrialdearen independentziaren ondoren sortu zuen bere inperioa, Roshen gozogintza enpresa, 1996an. Bi urte geroago politikan sartu zen eta aurten kargutik bota zuten Viktor Janukovitx presidentearen gobernuko ekonomia ministro izan zen.