argia.eus
INPRIMATU
Enpresa handiei “elkartasun zergak” ezartzeko eskatuko du Sortuk mobilizazio nazional batekin
  • Ekainaren 6an mobilizazio nazionalera deitu du Sortu alderdiak Bilbon. COVID-19a eragiten ari den krisi ekonomiko eta soziala langileak ordaintzen ari direla salatu du eta enpresa handiei “elkartasun zergak” ezartzea Aldundien esku dagoela gogora ekarri du.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 26a
Bilboko Iberdrola dorrearen ondotik abiatuko da Sortuk deituriko manifestazioa.

Koronabirusa eragiten ari den krisi ekonomiko eta soziala herritarrak eta langileak ordaintzen ari direla salatu du Sortuk eta adierazi du “2008an ez bezala, krisia ez dugu behekook ordaindu behar”. “Krisia kapitalak ordain dezala” lemapean manifestazio nazionala deitu du ezker abertzaleko alderdiak: ekainaren 6an egingo da Bilboko Euskadi plazan, Iberdrola dorrearen ondotik abiatuta.

Sorturen ustez, “langileak pobretu dituen 2012ko Lan Erreforma bertan behera uzteko akordioak eragin duen zalapartak agerian utzi du boteretsuak ez daudela kontzesio txikiena ere egiteko prest”. Horregatik abiatuko da mobilizazioa Iberdrola dorretik: alderdiak gogora ekarri duenez, Hego Euskal Herrian bertako erakundeak dira zerga-bilketa nola egiten den erabakitzen dutenak eta, beraz, “elkartasun zergak” behar direla aldarrikatuko dute, “irabazi handiak dituzten multinazionalek” ordaindu beharko lituzketenak. “Foru Aldundiaren esku dago”, azaldu du Sortuk.

Mobilizazio horri begira, ekintza sinboliko zehatzak egiteko aktibisten bila ari da alderdia eta horretarako bi komunikazio kanal jarri ditu abian: 682 593 071 zenbakira idatzi daiteke edo helbide honetan izena eman.