Galizia, Euskal Herria eta Katalunia estaturik gabeko hiru nazioen historiari buruzko ‘Enigma’ dokumentalaren crowdfounding-a hasi da

  • Espainiako eta Frantziako estatuen arteko hiru herrien biziraupena jendearen antolakuntzan oinarritzen dela aldarrikatzen du Enigmak. Autogestio hori bermatzen jarraitzeko, dokumentala finantzatzeko diru-bilketa abiatu dute. ARGIA dago bultzatzaileen artean, beste dozenaka eragilerekin batera.


2026ko urriaren 13a - 10:51
Azken eguneraketa: 16:20
"Enigma"dokumentalaren portada Enigma_documental
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Jendea antolatzen denean, ezer ez dela ezinezkoa mahaigaineratu nahi duen dokumentala da Enigma, Galizia, Euskal Herria eta Katalunia nazioen arteko loturak sendotzearekin batera. Anbizio handiko proiektua da, zinema-jaialdietara, areto komertzialetara, plataformetara, telebistetara eta sareetara iristea aurreikusten baita, eta horretarako, “esku eta ahots” asko ezinbestekoak dira. Hori da crowdfunding-aren helburua, irakurle oro ekarpena egitera gonbidatzea eta horrekin batera proiektuaren parte bihurtzea. Dokumentalaren aurrekontu osoa 200.000€ da, eta horietatik 160.000€ diru-bilketaren bitartez lortzea espero du kooperatibak.

Proiektua Cardant Cultura kooperatibak koordinatu du, Neu al carrer ekoizpen exekutibo gisa. Horretaz gain, politika-zientzian, komunikazioan eta aktibismoan ibilbide luzea duten profesionalez osatutako talde gidari bat dago, lurralde bakoitzean dagoen erreferentziazko talde eragileaz gain, sindikatuek, kolektibo ezberdinek eta jendarte-mugimenduek osatutakoa. Are gehiago, zuzendaritza artistikoa Feliu Ventura kantautore katalanaren esku dago, galiziar, euskal eta katalan erreferenteak abesti zentral batean elkartuko dituena, hizkuntza aniztasunari bozgorailua ematea helburu izango duena.

Grabaketarako behar duten diru gehiena hiru lurraldeen arteko joan-etorrietara, postprodukziora eta zuzendaritzara eta ekoizpen exekutibora bideratuko da. Gainerakoa, diseinura eta komunikaziora, artxibo-materialetara, itzulpenetara eta ustekabekoetara. Laburbilduz, “luxurik gabeko” egitasmoa da, dena “biziraungo duen dokumental baten zerbitzura” zuzenduta baitago. Aurreestrenaldia 2027ko udazkenerako aurreikusten da.

Inoiz ez da Espainiako eta Frantziako estatuen barruan bizi diren hiru errealitate horien ikuspegi orokor bateratua dokumental batean jaso, are nabarmenagoa bihurtzen duena dokumentalaren funtsa. Hiru herriok diktadura bati aurre egin, globalizazioaren ondorioak pairatu eta oraingoan eskuin muturrari aurre egiteko prest daude, hori guztia nazio-identitatea sostengatuz.

Proiektuaren talde eragilea hiru lurraldeetako zenbait erakunde erreferentek osatzen dute. Adierazi dutenez, ahots aditu gisa eta ahalik eta hedapenik handiena bermatzeko eragile aktibo gisa parte hartzen dute. Herrialde Katalanetan, Omnium Cultural, CIEMEN, Fundacio Darder Mascaro, OCB, GOB, STEI, Perpinyako Casal Catala, ACPV, Escola Valenciana eta STEPV daude; Euskal Herrian, Kontseilua, ELA, LAB eta ARGIA; eta Galizan, A Mesa, Fundacion Moncho Reboiras eta Galiza Sempre.


Irakurri gehiago: Dokumentalak Kultura Zinema
Dokumentalak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.