Energiaren inguruko eztabaidaren harira zenbait gogoeta deseroso


2023ko otsailaren 21an - 08:00
Azken eguneraketa: 16:30

1 - Azken asteetan irakurritakoa: "Mugimendu ekologista indartsua daukagu, politikariek ez dute desazkundea onartu nahi ez duelako botorik ematen". Ez dut uste baieztapen horrek sendotasun handiegirik duenik: Mugimendu ekologista indartsu bat balego (hegemonikoa), bere ideiak erdigunekoak lirateke eta politikariek erraz onartuko lituzkete (ikus feminismoa). Ez, ez dago mugimendu ekologista indartsurik Euskal Herrian, eta, bai, behar dugu.

2 - "Mugimendu ekologista oso sortzailea da, tokian toki ari gara, saretuta gaude". Uste dut herri mugimenduak ere autoexigentzia maila handiagoa behar duela. Gaur egun ez dauden baldintzak sortu behar dira, eskuina borroka kulturala irabazten ari da. Ez du balio erantzukizuna beti ezkerreko alderdiengan proiektatzea: "Ez dute esaten desazkundea nola egin...". Azken hori ere azken asteetan prentsan irakurria.

3 - "Desazkundea jolas bat izan daiteke, desazkundea testuinguru bat da". Uste dut horrek ez digula inolako mesederik egiten. Desazkundeak pobretzea esan nahi du, gauza askori uko egitea, gauza material askori. Eta hori ez da jolas bat izango gaurko baldintza kulturaletan, arrisku handiko borroka zelai bat baizik. Beti adibide atseginak jartzen dira (energia komunitateak, "beste era batera" mugitu, agroekologia, ekonomia sozial eraldatzailea, erabilera lagapeneko etxebizitzak...). Sentitzen dut, baina horrek gure gorputz sozioekonomikoaren ehuneko zenbatekoari erantzun diezaioke datozen hamar urteetan? %3-5? Inoiz ez da esaten zer den desazkundeak esan nahi duena termino materialetan, gure eskala aintzat hartuz (3 miloi biztanle, herrialde industrial bat).

Inoiz ez da esaten zer den desazkundeak esan nahi duena termino materialetan, gure eskala aintzat hartuz

4 - "Igual ez dugu oporretatik eta hegazkinetatik hasi behar; hori, guk esan gabe ere, egoera ekonomikoak ekarriko du". Hori ere irakurri dut. Merkatuak salbatuko gaitu orduan? Gure ardurak gainetik kentzea iruditzen zait hori. Entzun al dugu Josu Jon Imaz? Ez al ditugu jarraitu azken COP bilerak? Hemen eta orain, erregai fosilak dira biodibertsitatearen suntsipenaren mehatxu larriena eta ezerk ez du adierazten fosilak garaiz alboratuko direnik, industria horren boterea izugarri handia da.

5 - Zein da desazkundearen programa? "Politikariek egin behar dute" irakurri dut. Politika instituzionala bigarren mailakotzat jo izan da sarri herri mugimendu askotatik. Eta orain? Politika instituzionalean jarri behar dira itxaropen guztiak? Desazkundea proposatzen duenak badu ardura, nire ustez, ideia orokor hori zertan gauzatu behar den marrazteko.

6 - Zenbateko desazkundea proposatzen da? Ez da zenbakietaz hitz egin nahi. Soilik autokontsumora mugatzen bagara datozen 20 urteetan, nola erdietsi helburu klimatikoak? Beharko litzateke %80ko desazkunde azeleratua. Eta horrek esan nahi duenaz (izen-abizenez) ez da hitz egin nahi.

7 - Esan beharko da, adibidez, zein enpresa itxi behar diren datozen hilabete eta urteetan, automozioari lotutakoak, esaterako. Bidaiak hegazkinez, bigarren etxebizitzak, are etxebizitza tipologiak, autokarabanak, kotxe bat baino gehiago familiako, zenbat Netflix ordu astean, garraio publikoa erabiltzeko derrigortasuna... Ez dago hori esatera ausartzen den mugimendu ekologistarik.

Esan beharko da, adibidez, zein enpresa itxi behar diren datozen hilabete eta urteetan, automozioari lotutakoak, esaterako

8 - Zer harreman eraiki nahi du ekologismo honek sindikalgintzarekin? Metaleko hitzarmenak negoziatzen ari gara soldaten KPIaren araberako igoera eskatuz, hau da, industrian lanpostuak ez galtzearen alde, eta lanpostu horiek bermatu eta hobetzearen alde ari gara. Industrian kontsumoa jaisteko marjinak oso mugatuak dira, bertan dago gure kontsumo energetiko izugarriaren erdia baino gehiago. Industrian kontsumoa erradikalki jaisteko modua ixtea litzateke. Klima larrialdiaren ikuspegitik oil&gas eta automozioaren sektoreak nabarmenki. Tubacex adibide paradigmatikoa da.

9 - Arabako mendiak aske (hau da, haize errota bakar bat ere ez Arabako mendi bakar batean ere ez), ados. Eskatuko dugu bide beretik, eta koherentzian, Michelin eta Mercedesen produkzioa erdira jaistea?

10 - %80eko desazkundea gizarte aurreindustrial batera jotzea da. Eta gainera, modu azeleratuan egin beharko litzateke klima larrialdiaren urgentzia tarteko. Hori ez da gertatuko. Horrek ez du gestio sozial, politiko, ekonomiko posiblerik, ezelako gobernurik egonda ere. Lehenago ikusiko dugu faxismoa gobernuan hori baino.

11 - Akademia munduko jendea eta hainbat gizarte mugimendutako kideak ari dira desobedientzia zibila egiten beste lekuetan. Hemen?

12 - Industrializazio aurrekoan zein industrializazio garaian mendeetan zehar burdin mea eta egur ikatza ustiatzearen ondorioak zer-nolakoak izan ziren nabarmenak dira gure Meatzaldeko orografian. Ez dago inpakturik gabeko soluziorik, baina aldaketa klimatikoaren inpaktuak energia berriztagarrienak baino larriagoak izango dira. Beraz, autonkontsumoaz goragoko eskalei uko egiten zaienean ez da inolaz ere inpaktua eragozten. Aitzitik, erregai fosilekin jarraitzearen aldeko hautua egiten da de facto, eta ondorioz, kalte ekologikoak askoz larriagoak izango dira. Ez dugu haize errota bat ikusiko Gipuzkoako mendietan baina erlerik ere ez. Pinua eta eukaliptoa bai, oparo. Pagoak, beroketa globalaren ondorioz, gure basoetatik desagertuko dira.

Akademia munduko jendea eta hainbat gizarte mugimendutako kideak ari dira desobedientzia zibila egiten beste lekuetan. Hemen?

13 - Plaka fotovoltaikoak estalki guztietan jartzeko arazorik ez dago, horren kalte ekologikoak kanpora ateratzeak ez digu sentsibilitate ekologista eta internazionalistarik pizten. Nondik uste dugu datorrela silizio hori guztia, eta zein kalte ekologiko sortzen du bere ustiapenak? Noski, gure lurraldetik urrun.

14 - Nondik uste dugu datorrela Goienerrek merkaturatzen duen energia? Bada, merkatu maioristatik. Eta nork sartzen du hor eta non ekoizten da? Bada, enpresa energetiko handiek eta zentral handietan. Goiener autokontsumoa ez den guztia alboratuz egiten ari den hautua koherentea al da horrekin?

15 - "Energia fosilak ez dira desagertuko, berriztagarriak egungo mix energetikoari gehituko zaizkio, %50eko desazkunde hori ez da gertatuko". Hori ere entzun dut. Eta hori esaten duenaren alternatiba da %80ko desazkunde bat. %50eko desazkundea ez da gertatuko eta %80koa bai?

16 - Ez ditugu neurri autoritarioak nahi, pandemian ikusi denez. Nola egin desazkunde azeleratu bat ez bada neurri autoritarioekin (eta benetan autoritarioekin)?

17 - "Berriztagarriek landa eremua hondoratzen dute". Hori ere entzun dut. Gipuzkoan ez dago megawatt bakar bat instalatuta, eta zein da lehen sektorearen egoera? Lehen sektorearen egoera ezin dakieke energia berriztagarriei egotzi.

18 - Europan Luxenburgok bakarrik ekoizten du EAEk baino energia gutxiago. Gure autonomia estrategiko ezaren ondorioak zeintzuk izango dira euskal herritarren ongizatean? Ekologismoak zer ardura hartuko du horrekiko?

Hemengo zentralak inoiz baino elektrizitate gehiago ekoizten ari dira AEBetatik datorren gasarekin, zeina fracking bidez erauzten den

19 - "Arzallusek esan zuen Lemoiz eraiki gabe azak jango genituela eta ez da horrela izan, berdin haize errotekin". Hori ere entzun dut. Azak jan ez baina petrolioa erre dugu modu neurrigabean. Eta bidenabar, esan dezagun Garoñak sortutako elektrizitatea inportatu dugula. Hori esaten duena jabetzen al da krisi klimatikoaren dimentsioaz eta ondorioez? Esan al daiteke horrelakorik negazionismotik gertuegi kokatu gabe?

20 - ELAk parke eolikoen atzerapena eskatu du Lurralde Plangintza Sektoriala (LPS) egon arte. Baina Muskizen dagoen Petronor Birfindegi kutsakorraren edo coke FCC plantaren edo Santurtziko portuan eraiki den terminal gasistikoaren atzerapena ez du inork eskatu. Hemengo ziklo konbinatuko zentralak inoiz baino elektrizitate gehiago ekoizten ari dira erregai fosilekin. Zehazki, AEBetatik datorren gasarekin, zeina fracking bidez erauzten den. Eskatuko dugu uko egitea fracking bidez ekoizten den elektrizitateari?

Edorta Arostegi Lejarza, Petronorren eraginak egunero pairatzen dituen muskiztarra.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Eguneraketa berriak daude