argia.eus
INPRIMATU
Energia konpainien gaineko zerga berezia bertan behera uztea adostu du Espainiako Gobernuak, EAJ eta Juntsekin
  • Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela” mehatxu egin zuten. Iberdrolako presidenteak ordea, zerga honek bere kontuetan “oso gutxi suposatzen duela” adierazi zuen duela aste bi. Bankuen gaineko zerga ere leundu nahi dute eta EAEren kasuan bertako ogasunaren eskutan utzi nahi dute eskumena. Orain Espainiako Kongresuan bozkatu behar dituzte neurri hauek.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 31
Espainiako ogasun ministro María Jesús Montero eta EAJko bozeramaile Aitor Estebanekin Europa Press

Espainiako Gobernuak azkenean erabaki du –abenduaren 31n amaituko zen– energia-konpainiei ezohiko irabaziengatik ezarritako aparteko zerga kentzea, baita bankuen irabaziei gainekoa leuntzea ere. Zerga iraunkor bilakatzea eragotziko duen lege zuzenketa baten bidez egin dute, eta aldi berean adostu du EAJrekin EAEko foru-ogasunek bankuen tributua kudeatzeko konpetentzia. EAJk asteazkenean ohar batean iragarri du Sánchezen gobernuarekin zehaztu duen lege proiektuak enpresa multinazionalentzat gutxieneko tasa globala %15ean finkatzen duela.

Azken boladan enpresa multinazional handien –750 milioi eurotik gorako negozio bolumena dutenen– gaineko zerga iraunkor bilakatzeko aukera eztabai iturri izan da Espainiako Gobernuaren eta bera babesten duten alderdien artean, eta lege aurreproiektuan zuzenketak egiteko azken egunean egin dituzte aldaketak. Azken asteotan presio handia egin dute Espainiako Estatuko energia enpresa handiek, eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon zitezkeela” adierazi, besteren artean Repsoleko buru Josu Jon Imazek.

Ezkerreko alderdiek, EH Bilduk, ERCk eta Sumarrek zuzenketen aurka proposamenak aurkeztu dituzte. EAJ eta Junts nahikoak izan dira ordea PSOErekin aurrera ateratzeko multinazional hauen mesederako legedia.

Juntsek baieztatu zuenez, ez du energetikoen gaineko zergaren betikotzea babestuko baldin eta horrek Repsolek Tarragonan duen 1.100 milioi euroko inbertsioa kaltetzen badu (Repsolek Katalunian dituen balizko asmoak aipatu zituen). EAJ ere enpresen gaineko zerga indargabetzearen alde agertu da, jeltzaleak izan baitira zerga kentzeko zuzenketa onartua izan dela publikoki zabaldu dutenak. Jeltzaleek ziurtatu dute prest leudekeela energia enpresen gaineko zergaren jarraipena onartzeko EAEko ogasunen eskuetan utziz gero. “Erabaki garrantzitsu honek euskal autogobernua indartu egiten du”, esan du Aitor Estebanek.

Kontrara, Imanol Pradalesek, EAEko lehendakariak aurreko urriaren 22an adierazi zuen “halako zergak ez direla herrialde bat industrialki garatzeko aukerarik onena”. Ia aldi berean, EAJko burua den Andoni Ortuzarrek baieztatu zuen energia enpresen gaineko zergak ekarriko lukeela“urredun arrautzak erruten dituen oiloa hiltzea”.

Beste aldean badira zerga hau betikotzeko eskatu dutenak: EH Bildu, ERC eta Sumar hain zuzen ere. Asteazkenean azpimarratu dute “azken hilabeteetan bankuek zein energia enpresek iragarritako irabaziak errekorrak izan direla”. Duela aste bi Ignacio Sánchez Galanek, Iberdrolako presidenteak, adierazi zuen ingelesez –barre eginez–  zerga horrek “oso gutxi suposatzen duela bere kontuetan”. Naizek publikatu duenez, aurten Iberdrolak %50ean handitu ditu bere irabaziak.