“Ene iluntasunetik ilargi bat sortuko da”


2026ko otsailaren 4an - 11:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Palestinako egoerak zalditik astora eta astorik lurrera egin du eta, gainera, munduan inperialismo yankiaren adierazle nartzisista den Trump-ek piztutako krisi berriek arreta eta fokua desbideratu dute, lehen Venezuelara, gero Groenlandiara, jarraian Iranera, segidan Kubara; hori horrela, Palestina bigarren mailan gelditu da. Haatik, Israeli mesedegarri zaio inpunitate are handiagoz joka dezan, komunikabideek Palestinaren hilkintzatik aldendu eta beste hainbat tokitara fokuratzen dutelarik.

Inperialismo ankerrak erasoak biderkatu dituen urte hasiera honetan, ez dakit ohartzen garen zeinen garrantzizkoa den elkartasunari eustea, ze garrantzia duen presioari eusteak eta gobernu sionistak aurrera daraman genozidioa salatzeak. Izan ere, su-eten aizunaz geroztik bostehun palestinar hil ditu armada israeldarrak, komunikabide handien hizkerak zurituak: “hamaika palestinar gosez hil direla” entzuteak asaldatzen nau, gobernu sionistaren politika gupidagabeak erail dituela adierazi behar zuten eta. Finean, sionisten eraso eta erailketen banalizazio eta zurikeria ahalkegarria, hainbeste lagun erailtzea hutsala balitz bezala, ergatibo salatzailearen erabilera baztertuta.

Europaren isiltasun konplizea urratzeko eta Espainiako Estatuak zein Frantziakoak Israelekiko harreman oro behingoz hautsi ditzaten, Palestinak nazioarteko elkartasun fierra behar du oraino

Gaizkiaren hutsalkeria edo banalitatea kontzeptuaz sakon idatzi zuen Hannah Arendt historialari eta filosofo alemaniarrak: “Gezurrak etenik gabe botatzeak ez du xedetzat jendeari gezur bat sinistaraztea; gezurrak etenik gabe botatzeak jendea ezer ez sinestera darama, horixe da helburua. Izan ere, populuak ezin badu egiaren eta gezurraren artean bereizi, ezin izanen du ongiaren eta gaizkiaren artean berezi. Eta horrelako populu bat, pentsatzeko eta epaitzeko gaitasunik gabeko populu bat, gezurraren inperioaren menpe dago, ezinbestez. Horrelako populu batekin, nahi duzuna egin dezakezu”. Horretan aritu da aspalditik inperialismo sionista: Netanyahuk bi ele erran eta hiru gezur botatzen ditu, bularra hauspotuz mezu atzerakoi eta arrazistak zabaltzen dituelarik, garai nahasiotan bazterrak are gehiago nahasteko.

Europaren isiltasun konplizea urratzeko eta Espainiako Estatuak zein Frantziakoak Israelekiko harreman oro behingoz hautsi ditzaten, Palestinak nazioarteko elkartasun fierra behar du oraino. Mahmoud Darwih poetak idatzi  zuen: “Eta ene buruari erraten diot: ene iluntasunetik ilargi bat sortuko da”. Ezin gara besoak antxumaturik gelditu eta presioa egiten jarraitu behar dugu, aldez eta goldez jarraitu ere, itxaropena pena bihur ez dadin.

Josu Jimenez Maia, idazlea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin