ENBA eta EHNEren haserrea, Jaurlaritzak iragarri ostean bazka erosketa bateraturik ez dela egingo

  • Lehortearen eraginari aurre egitea helburu, Eusko Jaurlaritzak eta abeltzainek animalientzako bazka batera erosteko bideak lantzea adostu zuten Bazka Mahaiak abuztuaren 7an egindako bileran. Asteartean –irailaren 1ean– da berriro Bazka Mahaia biltzekoa, baina Jaurlaritzako Nekazaritza sailburu Amaia Barredok eman du jada erabakiaren berri, El Diario Vasco-ri emandako elkarrizketan: "Bazka batera erostea ez da beharrezkoa, datozen hilabeteetarako nahikoa dago". Sailburuaren hitzak "frustragarriak" eta "iraingarriak" direla salatu dute ENBA eta EHNE sindikatuek.


2026ko abuztuaren 31n - 09:59
Azken eguneraketa: 11:55
Alberto Elosegi / ARGIA fototeka, CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Diario Vasco-k egindako elkarrizketan Barredok adierazi du ez dela laguntzetarako garaia, "arazoak konpontzekoa baizik". Bere hitzetan, ur eta bazka hornidura, gaur gaurkoz, "nahikoa bideratuta" daude. "Orain egoerak nola eboluzionatzen duen monitorizatzen jarraitu behar da", esan du, "eguraldia alda daiteke eta horrek beharrak eta azken galerak alda ditzake. Gainera, erregaia eta ongarriak eskuratzeko laguntzak eman dira jada".

Bazka-erosketa bateratuaz galdetzean, sailburuak esan du "erosketaren kudeaketa bateratua" egin dutela: "Sektoreari bazka eskuragarri duten hornitzaileen zerrenda eman zaio, zeintzuek bolumen jakin batzuk adostutako prezioetan eskaintzeko konpromisoa hartu duten. Ustiategi bakoitzak egokitzat jotzen duen hornitzailearengana jo dezake zuzenean. Beste bide batetik baldintza hobeak lortzen badituzu, primeran. Baina, gaur egun, ez dirudi Administrazioak erosketa bateratua egin behar duenik, tokiko hornitzaileek sektorea hornitzeko gaitasun nahikoa dutelako". Barredok argitu du lastoa, pentsu blokeak, alpapa eta arto silo nahikoa dutela, datozen hilabeteetara begira.

Abeltzainen haserrea

ENBA eta EHNE sindikatuak haserre agertu dira, astearteko bileran adostu beharrekoez Barredok aurrez elkarrizketa eman duela-eta. EHNEko presidente Garikoitz Nazabalen hitzetan, "gauza bat da hiriei ura emateko arazorik ez izatea, eta beste gauza bat esatea ez gaudela lehorte egoeran. Ikusi besterik ez dago zenbat hilabete daramatzagun animaliei edaten emateko arazoekin". Sailburuak urik falta ez dela esatea "astakeria" dela adierazi du Nazabalek. Tokiko hornitzaileekin adostutako prezioen inguruan, EHNEko presidenteak salatu du ez direla egiazkoak, "orientatiboak" baizik –Jaurlaritzak esan duen moduan–: "Merkatu-prezioan eskaintzen da eta, hortaz, ez du ezertarako balio".

ENBAko koordinatzaile Xabier Iraolak, bestalde, Jaurlaritzak erosketa bateratua alboratu izana "frustragarria" dela salatu du. Abeltzainek erosketa bateratua adostea espero zutela dio, horrek ekarriko lukeelako kostuak merkatzea.


Abeltzaintza kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

2026ko urtarrilaren 26
Isiltasuna

2025eko abenduaren 24
Espainiako Estatuko esperientziak
Ahuntzak, astoak eta mastinak otsoa uxatzeko

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...