GALekin eta gerra zikinarekin behin baino gehiagotan lotu izan da Emilio Alonso Manglano. 1981etik 1995era bitartean Cesid Espainiako zerbitzu sekretuetako buru izan zen eta etxean hil da 87 urterekin.
Jakinaren gainean zegoen GAL talde parapolizialaren jarduna hastera zihoala. GALen sortze agiria Cesiden egoitzan idatzi izanak ematen du Alonso Manglano jakinaren gainean egongo zenaren arrastoa. Ez hori bakarrik, GALek burututako atentatu batean inputatuta egon zen. Ramon Oñederra, Bixente Perurena, Anjel Gurmindo eta Christian eta Claude Olaskoaga hil zituzten. Azkenean, ordea, Baltasar Garzón epaileak kargurik gabe utzi zituen libre, delitua preskribitu zitzaiela-eta, bai Alonso Manglano, baita Enrique Rodríguez Galindo eta Andrés Cassinello ere.
Inputatuta egon zen, baita ere, Segundo Marey-ren bahiketan, baita Lasa eta Zabala kasuan ere.
Juan Alberto Perote izan zen Cesideko eginkizun berezietarako taldeko kidea. ‘Cesideko paper famatuak’ atera zituen argitara, zerbitzu sekretuetatik lapurtuta, eta agiri horietan ikusi zen ETAren kontrako gerra zikinean inteligentzia zerbitzuek ibilitako informazio asko. Honen harira kondenatu zituzten José Barrionuevo ministro ohia eta Rafael Vera Estatuko Segurtasun idazkari ohia, besteak beste.
Otsailaren 23ko Espainiako estatu kolpea izan eta hilabete gutxira izendatu zuten Emilio Alonso Manglano Espainiako zerbitzu sekretuetako buru. Hamalau urtez karguan egon ondoren, 1995ean dimititu zuen, bizitza publikoko hainbat pertsonari egindako entzute ilegalen eskandalua medio. Sei hilabeteko kartzela zigorrera eta zortzi urteko inhabilitaziora kondenatu zuten hasieran, baina Konstituzio Auzitegiak kargurik gabe utzi zuen.
Horrez gain, 2003an Herri Batasunak Gasteizen zeukan egoitzan entzuketa ilegalak egiteagatik hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten, nahiz eta kasu honetan ere, Gorenak ondoren kargurik gabe utzi.
ETAk eta Espainiako Gobernuak Aljerren izan zituzten negoziaketen atzean ere muturra sartuta ibili ziren zerbitzu sekretu espainiarrak 80ko hamarkadan, negoziaketa blokeatu nahian.
Esan bezala, hil egin da Emilio Alonso Manglano, etxean, eta berarekin eraman du GALen eta Cesiden maniobrak ulertzeko baliagarria izango zen informazioa.