“Ematen du 21 urtetik aurrera ez dutela bizitzen jarraitzeko eskubiderik, baina asko dute bizitzeko”

  • Desgaitasun handia duten haur eta gazteen eskubideen duintasuna defendatzeko jaio da Uvidi elkartea Araban. 21 urterekin eskola amaitzean baliabideak urriak direla salatu dute.


2026ko urtarrilaren 16an - 06:18
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gasteizko Gorbeialde eskolan ezagutu zuten elkar Patricia Suarezek eta Montse Berasateguik. Euren semeek, Gianlucak eta Oinatzek, desgaitasun “handia” daukate, eta hezkuntza bereziko eskola batean ikasten dute. 21 urte bete arte egon daitezke Gorbeialde eskolan, eta behin ikasketak amaituta, aukera gutxi dituztela salatu du Suarezek. UVIDI elkartea sortu dute Araban. “Ikusi genuen %90 baino gehiagoko desgaitasuna daukaten haurrak ezerezean geratzen direla ez dutelako nora joan”, esan du Suarezek. Ehun kide dira elkartean.

Behar handiak dituzten haur eta gazteak dira, eta urtero gutxienez bost edo sei gazte ateratzen dira eskolatik. Horren ostean, aukera gutxi daudela dio Suarezek. Gasteizen esate baterako, eguneko zentro bakarra dago: Etxebidea. Eguneko zentro bat izateaz gain, egoitza ere bada. “Zentroa oso zaharra da eta berritu beharra dago”, azpimarratu du. Eskolan fisioa, logopeda eta horrelako zerbitzuak dituzte, eta uste dute eguneko zentroan ez daudela behar horiek bermatuta: “Geldialdiak dituztenean eskolan ikasten duten guztia erraz galtzen dute eta horrek eragin handia dauka egunerokoan”.

2025eko abenduan, Arabako Diputazioak Lakondoa zentroa martxan jarri du. Eguneko zentro bat eta egoitza bat da. Hurrenez hurren, hogei eta hamabi plaza ditu. Gasteiztik zazpi kilometrora dagoen Arratzua-Ubarrundia udalerrian dago. Halere, Suarezek azaldu du ez dela aski. Horregatik, Gasteizko zentroa hobetzeaz gain, zentro eta plaza gehiago sortu beharko lituzketela uste du, Arabako Diputazioak aurreikusi behar duela zenbat gazte ateratzen diren eskolatik, eta behar horiei erantzun: “Pixka bat baztertuta sentitzen gara. Edozein dela adina, haur batek, eskolatik ateratzen denean, alternatibak ditu. Gure haurrek zergatik ez?”.

Zaintzailea zaintzeko premia

Baliabide falta dela eta, kontatu du, iaz, gazte bat eskola amaitzean sei hilabetez geratu behar izan zela etxean. Errekurtso faltak familien ongizate emozionalean zein ekonomikoan eragin handia dauka: “Nire semea etxean geratuko balitz, nik ezingo nuke lan egin. Horrek ekonomiari eragiten dio zuzenean, edo bestela ordaintzerik badut nire kontu bilatu beharko dut”. Gaineratu du “oso garrantzitsuak” direla atseden etxeak. Helburua da haur eta gazteak ostiraletik igandera edota astelehen goizera arte etxe horietan egotea euren senideek atseden hartzeko. “Etengabeko arreta behar dutenez eta menpekotasun handia dutenez, zaintza akigarria da”, esan du.

Urteekin ikusi eta ikasi du zergatik den garrantzitsua zaintzailea zaintzea: “Hasieran pentsatu nuen semeari oso ongi etorriko zitzaiola. Gerora ikusi nuen, atsedena niretzako dela. Lan egiteaz aparte zaindu egiten dugu eta oso intentsua da zaintza”. Alabaina, ikusi du semearentzat ere lagungarria dela, seme bakarra denez beste haur eta gazteak ezagutu ditzakeelako. Baliabide hori indartzeaz ere mintzatu da. Izan ere, aukera gutxi daudela dio: “Urtebetean lau asteburu tokatzen zaizkizu. Gutxi da”.

Hortaz, elkartearen helburua da, gabezi horiek guztiak salatzeaz aparte, indarrak batzea desgaitasun handia duten pertsonen bizitzen duintasuna eta bizitza kalitatea aldarrikatzeko. “Ematen du 21 urtetik aurrera ez dutela bizitzen jarraitzeko eskubiderik, baina asko dute bizitzeko. Asko kezkatzen gaitu euren etorkizunak. UVIDI jaio da beldur hori kentzeko eta gauza horien guztien kontra borrokatzeko”, esan du.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Aniztasun funtzionala kanalean gehiago
2025eko uztailaren 23
Meloi saltzailea
Duintasuna

2025eko martxoaren 5
Lurraldea eta arkitektura
Desgaia gai

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.