Astearte goizean aurkeztu dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpaina Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek.
Lehendakaritzan aurkeztu dute kanpaina Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak. Helburua berdintasun eremuak berriro hartzea eta mantentzea da, egun gailentzen ari diren diskurtso antifeministen aurrean. Adierazi dute emakumeen eskubideetan aurrerapausoak ematea bilatzen dutela, ohartaraziz berdintasuna ez dagoela bermatuta, “egunero zaindu, babestu eta zabaldu beharreko espazioa” baita. Otsailaren 23tik martxoaren 8ra bitarte garatuko dute kontzientziazio kanpaina, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan edota telebistan.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ondorengo adibide eman ditu berreskuratu beharreko berdintasun inguruneak aipatzean: lan eremuan berdintasun planak modu egokian aplikatzea, hezkidetza bultzatzea hezkuntza arloko estereotipoak ezabatzeko xedearekin, eta etxeko zeregin eta zainketen banaketa orekatua antolatzea. Finean, egunerokoa berdintasunaren ikuspegitik erreparatzea proposatu du, emakumeen askatasuna ziurtatzen dela eta indarkeria jasateko arriskua ez dagoela bermatzeko. Kanpainaren euskarriak Emakunderen webgunean daude eskegita.