Hamarnaka emakumek sexu erasoak salatu dituzte sare sozialetan. Horietako asko, Athletic futbol taldeko zaleak biltzen dituen Herri Norte Taldeko (HNT) kideek egindakoak dira, El Correo egunkariak jaso duenez. Duela hilabete inguru publikatu ziren salaketa horien gaineko lehenbiziko berriak, eta orduko hartan esandakoak berretsi ditu HNT-k: biktimen aldean kokatzen dela, eta erasotzaileak duela urte batzuk kanporatu egin zituztela.
Duela hilabete inguru Izaro izeneko neska durangar batek sareratutako bideoak azaleratu zituen ustezko erasoak. Bertan salatzen zuen Bilbon bortxatua izan zela, eta, ostean, sistema judizialak "huts egin" ziola, El Correo egunkarian irakurri daitekeenez. Bideoa publikatu ostean gizon batek mehatxu egin zion; gizon hori Bultzadako –Realeko zale taldea– kidea zela-eta, taldeak kanporatu egin zuen. Mehatxuen aurrean, baina, hainbat feministak babesa azaldu zioten Izarori, eta mehatxuak sare sozialetan publikatu zituzten.
Astebetean 30 mezu baino gehiago bildu zituzten, El Correo-k jaso duenez, horietako asko ustez HNT-ko kideek egindako erasoen ingurukoak. Emakume ugarik ez zuen Poliziara edo epaitegira jo, baina batzuek bai. Egunkariak dioenez, erasotzaileei urruntze agindua ezarri zitzaien; eta batzuk genero indarkeriagatik zigortu zituzten.
Herri Norte Taldea: "Inolaz ere ez dugu gure artean erasotzailerik egotea onartuko"
Hainbat komunikabidetan argitara emandako albisteen aurrean, prentsa-oharra plazaratu du Herri Norte Taldeak. Duela hilabete pasatxo publikatu zuen oharrean esandakoei eutsi die berriro HNT-k.
"HNT irmo eta inongo anbiguotasunik gabe kokatzen da edozein motatako eraso, indarkeria matxista eta abusuen biktimen aldean, edozein eremutan gertatzen dela ere", dio zale taldeak. "Argitaratu diren kontakizun asko duela zenbait urte jazotakoak dira, gaur egun taldeko kide ez diren pertsonek egindakoak, egileak taldetik kanporatu genituelako. Iraganekoak diren eta kontatzen diren beste kasu batzuk ez ditugu ezagutzen, eta ez dugu horien berririk, are gutxiago gaur egun horiekin lotutako taldeko kide aktiboak daudenik. Inolaz ere ez dugu gure artean erasotzailerik egotea onartuko".
Herri Nortek dio urteak daramatzala jarrera eta jokabide matxistak desagerrarazteko lanketa egiten, eta barne-protokolo bat dutela indarkeria kasuen aurrean nola jokatu jakiteko: "Taldeko kideren batek antzeko ekintzaren bat egin duela jakin dugunean, elkartu egin gara eta erasotuak edota haien ingurukoak entzun ditugu, erasotzailea ezkutatu edo estali gabe".
Duela hilabete, erasoen lekukotzak zabaltzen hasi ziren une beretik, biktimek partekatzen zituzten plataforma eta espazioekin harremanetan jartzen saiatu zela azaldu du Herri Nortek, "erasotzaileak identifikatu eta modu kontsekuentean jarduteko informazio zehatza jasotzeko". Dena den, gaur arte ez dutela izen horiek ezagutzeko informazio berririk jaso dio. "Berriro diogu, gure lehentasuna da edozein eratako erasoak jasan dituzten emakumeei laguntasuna eta babesa ematea. Prestutasun osoa izaten jarraitzen dugu taldearen inguruko norbaiten partetik erasoren bat jasan duen edonorekin harremanetan jartzeko".
Erasotzailea, Anoetatik kanporatua
Abenduaren 1ean, Bultzada taldeak ere plazaratu zuen agiria, kideetako batek erasoa jasan zuen emakumeari egindako mehatxuen harira. Eraso egin zioten emakumeari babesa azaldu zion, eta erasotzailea kanporatu zutela adierazi: "Argi utzi nahi dugu erasotzaile matxista, faxista, arrazista, homofobo eta gainerako inposatzaile guztiek ez dutela lekurik gure proiektuan eta aurrean izango gaituztela".
Diputatu nagusiak eskatu du ikerketa zabaltzeko
Bizkaiko ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobe jeltzaleak, gertatutakoaz ikerketa abiatzeko eskatu du. Zabaldu den informazioa dela-eta "sumindurik eta atsekabetuta" dagoela dio, eta, guztiaren gainetik, salaketa jarri duten emakumeak babesteak duela lehentasuna. "Inpunitate-espazioak" desagerrarazi behar direla gaineratu du.
Emakundek, bestalde, oharra plazaratu du. Erasoak salatu dituzten emakumeekin "elkartasuna" adierazi eta indarkeria matxista "egiturazko arazoa" dela salatu du: "Emakume askok zailtasunak dituzte ahotsa altxatzeko, eta, beraz, garrantzitsua da horiei laguntzea, kontatzeko urratsa ematen dutenean".