Napardi Iruñeko elkarte gastronomikoa gero eta presio handiagoa jasotzen ari da emakumezkoak ere elkarteko eskubide osoko bazkide izan daitezen. Pamplonesa udal musika bandak ere aste honetan erabaki du sanferminetan ez dela joango Napardik urteko bazkaltzeko egiten dion gonbitera.
Elkartea 1953an sortu zen, Iruñeko molde horretako zaharrena dela esaten da, eta emakumezkoak oraindik ere ezin dira eskubide osoko bazkide izan elkartean. Azken urte luzetan estatutuak aldatu eta eskubide hori baimendu dezan eskaera ugari izan ditu, baina guztiak alperrik. Bazkideek ez dute amore eman, nahiz eta esaten den horietako gero eta gehiago estatutuak aldatzearen aldekoak diren.
Elkarteak urtero banatzen du Urrezko oilartxoa nabarmendutako herritarren bat omentzeko eta hori dela eta bazkaria egiten du sanferminetan. Urtero Napardik Pamplonesa gonbidatzen du bazkari horretara, eta bandako hiruzpalau ordezkari joaten dira hartara.
Musika bandak, halaber, bere batuta uzten dio urteko Urrezko Oilartxoaren irabazleari, arratsaldean Pamplonesak Udaletxe plazatik Zezen plazarako bidea hartzen duenean, mandoen desfilea irekitzen duen pasodoblearen hasiera zuzendu dezan. Bada, aurten, Pamplonesa ez da bazkarira joango eta ez dio batutarik utziko Napardiri. Erabakia joan den asteartean hartu zuen udal bandak kideen artean bozketa eginda, eta %80aren onespenarekin.
Iruñeko udal agintariek ere ildo bereko erabakia hartu zuen joan den apirilean: udal gobernua sostengatzen duten taldeek –EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa– Napardiren sanferminetako gonbidapenei uko egingo ziotela erabaki zuten.
Urte hasieran, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gutuna igorri zion Napardiri, bere egungo jarrerarekin emakumeak baztertzen zituela azpimarratuta. Eskubide berdintasunaren izenean, emakumeak bazkide egiteko estatutuak aldatzeko eskatu zion institutuak. Beste behin ere, Napardik uko egin zion eskaerari.