argia.eus
INPRIMATU
Emakume kirolarien sexualizazioa: indartzen ari den diskriminazioa
  • Kirol munduko emakumeen inguruan ikertzailea da Matilde Fontecha eta duela gutxira arte EHUko Gorputz-Hezkuntza eta haren Didaktika ikasgaiaren irakasle izan da. Eldiario.es atarian argitaratutako artikulu batean Brasilgo Joko Olinpikoetan ikusgai egon den emakumeenganako diskriminazioaren inguruan aritu da.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 05a
Matilde Fontecha. (Argazkia: eldiario.es)

Diskriminazio faktore baten inguruan ohartaraztea da Fontecharen helburua: tradizio bihurtu den edertasun femeninoaren inposaketa. “Gai esanguratsua da, orokorrean ez baita diskriminazio faktoretzat jotzen eta are gutxiago arazo gisa. Kontrara, emakumeen balio nagusia edertasuna dela onartzen ari da gizartea. Sexualizazioa garrantzia hartzen ari den joera da, emakumeen bizitza korapilatzen du eta bere feminitatearen eredua kirol munduan sartu da erabat. Logika orotik kanpo, positibotzat jotzen da kirolariek makillaturik lehiatzea eta igeri egitea, eta horrela kirolari ona izatea nahikoa ez dela onartzen da; oso femeninoa izan behar duzu gainera. Hain justu kirolarien artean begiko marra tatuatzea modan dago, edota ezpaineko marra iraunkorra izatea, esaterako”.

Kirolarien bizitza pribatuko gaiez aritzea egokia ez dela gaineratu du Fontechak. Maialen Chourrauten amatasunaren inguruko gehiegizko gogoetak nabarmendu ditu, baita haren entrenatzaile eta lagunari emandako protagonismoa ere. “Bi aipu horiek urre olinpiko bat lortzea den balentria bigarren mailan uzten dute”.  

Eskuin muturrrari buruzko aipamenik ez

Fontechak nabarmendu du bai komunikabideetan eta bai gizartean “oharkabean” pasatu dela “emakumeen eskubideak bahituta dituzten” herrialdeen parte-hartzea: “Emakumeak jantzi zehatz batzuekin lehiatzera behartzea eskuin muturraren ekintza politiko bat dela esan duen gogoetarik ez da izan”.

Ildo honetatik, Fontechak azaldu du: “Kirol munduko gizonek, kirolariei erdi biluzik lehiatzera behartzen dituztenek, zergatik ez dute betebehar hori kirolari guztientzat zabaltzen? Zapia ezartzen duten gizonekin eztabaidatu beharko luketelako eta aspaldiko itun bati jarraiki ez dutelako bata bestearen aurka egiten: eskualde bakoitzean eurak erabakitzen dute [emakumeak] tapatu edo biluztu. Zapiaren inguruan mintzatu diren ahotsek kezkatzen naute, emakumeen eskubideen inguruan eta euren kultura errespetatzearen inguruan jardun dutenak. Bi argudio horiek ez dira egia”.