“Emakume batzuek hogei urte daramatzate lo egiteko pilulak hartzen”

  • Ziortza Karranza Ramirez psikologoak psikofarmakoen erabileraren inguruko zenbait gako azaldu ditu. Osakidetzak plan bat iragarri du psikofarmakoen kontsumoa gutxitzeko.


2026ko martxoaren 13an - 06:57
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak kezka adierazi dute psikofarmakoen erabileraren igoerarengatik. Plan bat iragarri dute erabilera murrizteko eta bestelako neurriak sustatzeko. Halere, ez dago guztiz argi nola jarriko duten praktikan plana. Osakidetzak emandako datuen arabera, bereziki 70 urteren bueltan dauden emakumeengan jarri dute arreta, beste kolektibo batzuekin alderatuta erabilera handiagoa delako. 70 urtetik gorako emakumeen %40,3ak preskripzioa aktibo dauka, eta gizonen kasuan, %20,8ak. Psikofarmakoen artean daude, besteak beste, bentzodiazepinak, lasaigarriak eta somniferoak.

Ziortza Karranza Ramirez psikologoak horren atzean egon daitezkeen zenbait faktore aipatu ditu: “Uste dut askotan 60 urtetik gorako emakumeek ardura eta zama gehiago dituztela buruan. Horietako askok ikasteko eta kanpoan lan egiteko aukera izan zuten, orain igual jubilatuta daude, eta bilobak eta gurasoak dituzte zaintzeko. Askotan izugarrizko zama daukate eta antsietate arazoak eta depresio sentsazioa agertu daiteke etengabe kanpora ematen dutelako eta ez dutelako hainbeste jasotzen”.

Osakidetzaren arabera, horrelako psikofarmakoak erabiltzea eraginkorra izan daiteke antsietate eta insomniorako, baina gehiegizko erabilerak menpekotasuna eragin dezake.  Insomnioaren kasuan, gehiegi erabiltzea lau astez baino gehiago erabiltzea izango litzateke, eta antsietatearen kasuan, hamabi astez. Horrez gain, beste ondorio batzuk ere izan ditzake; hala nola erorikoak edota narriadura kognitiboa. Karranzak kontatu du errezeta gehienak lehen mailako arretatik egiten dituztela, eta erabileraren jarraipena medikuaren borondatearen esku geratzen dela: “Orain gehiago kontrolatu nahi dute, baina emakume batzuek hogei urte daramatzate lo egiteko pilulak hartzen”.

Terapiara heltzen diren emakumeen artean, menpekotasun handia dagoela ikusten du batez ere lo egiteko pilulekin. Horrez gain, “erraz” banatzen dituztela dio: “Imajinatu zerbait garrantzitsua gertatu dela; adibidez, heriotza bat. Medikura zoaz, esaten diozu denbora bat daramazula ondo lo egin gabe, eta segituan ematen dizute. Momentu batean laguntza izan daiteke, baina gero askotan ez da tratamendua aldatzen”. Uste du ez zaiela erreparatzen lorik ezaren atzean egon daitezkeen arrazoiei: “Ez dago jarraipenik ikusteko zerk eraman zaituen pilula hori hartzera. Osasun mentala orokorrean ez dago batere ondo Osakidetzan. Oso psikologo gutxi daude eta gehienak pribatuan gaude. Gehienek ezin dute hori ordaindu. Pilulek gizarteak nahi duena ematen dizute, momentuko lasaigarria edo onura. Terapia astiroago egiten da”.

Historia klinikoan preskripzioen berrikuspena errazten duten eta adierazi gabeko hasierez ohartarazten duten sistemak integratu nahi dira

Karranzak kontsultan ikusi duenez, epe luzera menpekotasuna garatzen dute, insomnioa kronifikatu daiteke eta pertsona askok pilulak uzteari beldurra dio: “Badaude duela hogeita hamabost urte hasi zirenak pilula hartzen eta ez dute irudikatzen hori gabe bizi daitezkeenik. Terapian lan handia egin behar da konfiantza berriz hartzeko ”.

Momentuz utopikoa iruditzen zaion arren, uste du Osakidetzatik insomnioa lantzeko gauza asko egin daitezkeela; hala nola kanpainak egitea ikusteko zer den insomnioa, zer gertatzen den, talde-terapiak sortzea, psikoheziketa ematea, baliabideak eta arnasketa teknikak azaltzea, terapia gehiago, egunean zehar mugak jartzen ikasteko tresnak lantzea.

Bost ardatzeko plana

Momentuz, Osakidetzaren planak bost ardatz nagusi ditu: komunikazioa eta koordinazioa, esku-hartze zuzenak, digitalizazioa eta tresna klinikoak, motorizazioa eta ebaluazioa, eta jasangarritasuna. Hurrenez hurren izango lirateke: eragile inplikatu guztiek ikuspegi bateratua partekatzen dutela eta estrategia modu koherentean hedatzen dutela ziurtatzea; pazienteentzako eta herritarrentzako hezkuntza-kanpainak diseinatzea; historia klinikoan preskripzioen berrikuspena errazten duten eta adierazi gabeko hasierez ohartarazten duten sistemak integratzea; kontsumoaren bilakaera eta hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko aginte-taulak sortzea, eta preskripzioaren hobekuntzak epe luzera mantentzen direla bermatzea, prozesuak automatizatzearen eta etengabe berrikustearen bidetik.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Osasuna kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Lurraldea eta arkitektura
Toxikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.