AEBek immigrazioaren aurkako “inoizko operazio handiena” martxan jarri ostean izan da hilketa, Minnesotako Minneapolis hirian, George Floyd hil zuten tokitik kilometro eskasera. Hilketak errepublikarren eta demokraten arteko arrakala handitu du.
Asteazkenean, AEBetako Minneapolis hirian, inmigrazioaz arduratzen den polizia federalak (ICE) 37 urte zituen Renee Nicole Macklin Good hil du, zuzenean aurpegian hiru tiro jo ostean. Tiroketaren tokitik kilometro ingurura hil zuen 2020an Minneapolisko poliziak George Floyd herritar beltza. Hilketaren ondoren, herritarrak hiriaren hegoaldean bildu dira gertatua salatzeko, eta Polizia oldartu egin zaie, besteak beste, gasa jaurtiz.
Hilketaren lekuko Emily Heller-ek bideoan ikus daitekeena berretsi du Minneapolisko MPR News irrati publikoan. Azaldu du emakumearen autoa ikusi zuela “trafikoa blokeatzen, ICEren operazioaren aurkako protesta baten parte zirudiena”, eta agente batek emakumeari "ateratzeko" agindu ziola. "Emakumea buelta ematen saiatzen ari zen, eta ICEko agentea bere autoaren aurrean zegoen. Agenteak arma atera eta zuzenean aurpegian tiro egin zion hiru edo lau aldiz".
DHS Segurtasun Nazionaleko Sailak sare sozialetan zabaldutako bertsio ofizialak dio agenteak “defentsa pertsonalagatik” egin zuela tiro, emakumeak agentea autoarekin harrapatu nahi omen zuelako. Publikazioan adierazi du “ICEko ofizial batek, bere bizitzarengatik, legearen aplikazioarengatik, kideen bizitzarengatik eta publikoaren segurtasunarengatik beldurrez, indar defentsiboekin tiro egin” zuela. Gaineratu du agenteak “bere entrenamendua” erabili zuela eta “bere eta bere kideen bizitza salbatu” zuela.
Aldiz, Jacob Frey Minneapoliseko alkate demokratak gogor salatu du agenteen jokabidea, eta hiritik alde egiteko eskatu die ICEko agenteei: "Ospa Minneapolisetik. Ez zaituztegu hemen nahi. Hiri honetan egoteko zuen arrazoia segurtasuna sortzea omen da, eta guztiz kontrakoa egiten ari zarete”. Norabide berean mintzatu da Tim Walz Minnesotako gobernadore demokrata, horien eta errepublikarren arteko arrakala agerian utziz: “Ez zen ofiziala harrapatzeko ahaleginik egin, eta ICEko agenterik ez dirudi zaurituta dagoenik. Irten gure hiritik".
“Inmigrazioaren aurkako inoizko operazio handiena”
Hilketa bortitza AEBetako immigrazio legea eskala handian aplikatzeko AEBetako Gobernuaren kanpainaren testuninguruan jaso da. Urrunera joan gabe, asteartean, Trump administrazioak iragarri zuen ICEko eta DHSko beste 2.000 agente bidaliko zituztela Minnesotako estatura. Are, ICEk sare sozialetan mehatxu egin zuen: "Legez kanpoko atzerritar kriminala bazara eta/edo iruzurrean nahastuta bazaude, itxaron ICEren bisita bati". Bertako immigrazioko funtzionarioak adierazi dute gisa horretako "orain arteko operaziorik handiena" dela.
Denbora da Trumpek Minnesota begiz jota duela. Presidenteak somaliarrei buruz iruzkin xenofoboak egin ditu, eta AEBetako administrazioak adierazi du“profil handiko hainbat kasuri aurre egin behar” diela, “zerbitzu sozialei iruzur egin” dietelako. Minnesota da somaliar jatorriko populazio handiena duen AEBetako estatua, eta gehienak AEBetako herritarrak dira legez.