Gizonezkoak Guardia Zibilaren kuartelean aitortu du bere emaztea hil duela eta gorpua etxean zegoela. Aurten Euskal Herrian bost emakume hil dituzte jadanik indarkeria matxistaren ondorioz.
Arguedasen (Nafarroa) gizonezko batek bere bikotekidea hil du, herri hartako Postigo kalean elkarrekin bizi ziren etxebizitzan, eta ondoren bere burua Guardia Zibilaren esku utzi du Valtierrako (Nafarroa) kuartelean.
Foruzaingoak azaldu duenez hilketa matxista ikertzen ari dira oraindik. 44 urteko hildako emakumearen senideetako batek aurkitu du gorpua, astelehenean bere etxera joandakoan, mugikorrari ez ziolako larunbataz geroztik erantzuten; Poliziari berehala eman dio abisua. Horren ondotik jakinarazi dute bere bikotekideak, 43 urteko gizonezkoak, Guardia Zibilaren eskuetan jarri duela bere burua eta hilketa aitortu duela.
Iturri berek esan dutenez, senar-emazteek denbora gutxi zeramaten Arguedasen bizitzen eta emakumeak ez zuen aurretik inolako salaketarik jarrita.
Hilketa salatzeko elkarretaratzea eta manifestazioa
Arguedasen samina eta amorrua sortu du hilketa matxistak. Arguedasko Udalak "gaitzespen irmoa" eta senideek babesa adierazi die ohar bidez. Hasiera batean udala astearte eguerdian minutu bateko isilunea egitekoa zen, baina deialdi hori bertan behera utzi eta manifestazioa antolatu du arratsaldeko 19:00etarako: "Gaitz sozial honekin amaitzeko ardura dugu instituzioek eta herritarrok", azaldu du. Euskal Herriko mugimendu feministak Iruñean deitu du manifestazioa, 20:00etan, Udaletxe plazan. Itaiak manifestazioak deitu ditu zenbait herritan eta hiriburuetan: asteartean Iruñean 19:30ean, Udaletxe plazan; eta Gasteizen 18:30ean, Posta plazan; eta asteazkenean Donostian 19:30ean, Bulebarrean; eta Bilbon 19:00etan, bihar, Areatzan.
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek ere "erabateko" gaitzespena eta "atsekabea" adierazi du hilketa jakin orduko: "Nire maitasun eta babes osoa hildako emakumearen lagun eta senideei", idatzi du sare sozialetan.
Indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herria hiltzen duten bosgarren emakumea da Arguedasekoa. Azken hilketa Iruñean izan zen, apirilaren 13an, 37 urteko emakumezko bat bere etxebizitzako hirugarren solairutik erori zen San Jorge auzoan, eta gizonezko bat atxilotu zuen Foruzaingoak, urruntze agindua ez errespetatzea egotzita.