37 urteko emakumea hirugarren solairutik erori da. Foruzaingoak gizon bat atxilotu du indarkeria matxistagatik zeukan urruntze agindua ez betetzeagatik, eta ikerketa abiatu du emakumearen heriotza nola gertatu den jakiteko eta gizonak horrekin zerikusia izan duen ikertzeko.
Iruñeko Sanduzelai auzoan, igande goizaldean gertatu da heriotza. 4:30ak aldera emakume bat etxebizitza bateko hirugarren solairutik erori da. Zenbait hedabidek jakinarazitakoaren arabera, hainbat izara eta arroparen bidez leihotik jaisten saiatzen ari zen eta lurrera erori da. Han bertan hil da. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, Foruzaingoak gizon bat atxilotu du indarkeria matxistagatik zeukan urruntze agindua hautsi duelako eta emakumearen heriotza indarkeria matxista izan den ikertzen ari da.
Orain.eus-ek jaso duenez, Nafarroako Gobernuak doluminak eman dizkie biktimaren senide eta lagunei. Adierazi du udal gobernua eta Polizia elkarlanean ari direla gertatutakoa ikertzeko.
Itaiak elkarretaratzeak deitu ditu
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak Euskal Herriko bost hiriburuetan eta zenbait herritan elkarretaratzeak deitu ditu. Iruñea, Donostia eta Gasteizen apirilaren 13an 18:30ean izango dira eta Bilbon 19:00etan. Baionan apirilaren 14an egingo dute protesta 18:30ean. Itaiak erailketa matxistatzat jo du Iruñean gertatutakoa. Lehenik, gizon batek urruntze agindua urratu duela-eta, instituzioen babes neurrien mugak seinalatu ditu antolakundeak. Bigarrenik, “matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei” aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta hirugarrenik, matxismoaren aurkako “borrokara batzeko eta erailketaren aurka kaleak hartzeko” deia zabaldu du.