argia.eus
INPRIMATU
‘Emak Bakia Baita’ eta ‘Ikusezina’ dokumentalak, Iruñeko Ikuspuntu jaialdian
  • Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Ikuspuntu jaialdiaren zortzigarren edizioa otsailaren 19tik 24ra egingo da, Iruñean. Diru-laguntzarik jaso ez zuelako, iaz bertan behera geratu zen zinemaldia eta aurten berrekin dio, biurteko jaialdi bihurtuta. Guztira, 85 dokumental ikusi ahal izango dira eta horietako 17 lehiatuko dira sail ofizialean (hamaika film luze eta sei labur).

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 05a
Ikuspuntu jaialdiko kartela.

Euskaraz, bi dokumental eskainiko ditu jaialdiak: batetik, Victor Iriarteren lehen luzea, Ikusezina, eta bestetik, Oskar Alegria iruindarraren Emak Bakia Baita. Ohiko sailak izango ditu Ikuspuntuk (Atzera Begirakoak, Erdialdea, Heterodoksiak eta Emanaldi Bereziak) eta atzera begirakoetan bi zuzendari omenduko dituzte: Eduardo Coutinho brasildarra eta Thomas Heise alemaniarra. Biek krisiaren gaia landu izan dute euren lanetan.

Sail berri bat estreinatuko dute aurten: Prozesuak, Nafarroako zinemagileei lekua egiteko asmoz. "Klasikoa eta trinkoa", horrela definitu du edizioa jaialdiaren zuzendari artistiko Josetxo Cerdanek. Dagoeneko dena prest du INAAC Nafarroako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak, jaialdiari hasiera emateko.