Emaitzak kezkagarriak dira, ebidentziak ebidentzia, lan baldintzak ere bai

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

PISAren azken emaitzek kezka sortu dute. Ezin diegu datuei muzin egin, ezta emaitzak komeni zaigunaren arabera hautatu ere. Hezkuntza sistema hobetzea nahi badugu, errealitate osoa aztertu behar dugu. PISAren datuak jakin bezain laster irakurketa interesatuen ilara ikusi behar izan dugu hainbat hedabidetan, badago euskararen kontra edo migratzaileen kontra egiteko aprobetxatuko duenik ere, haien kolore politikoaren arabera.

Duela aste batzuk, PISAren inguruko hainbat auzi jarri genituen mahai gainean: zer neurtzen duen, zer uzten duen neurtu gabe eta zertarako erabiltzen diren emaitzak. Ebaluazio tresna baten mugak aztertzea ez da datuak ukatzea. Aitzitik, datuak aztertu behar dira. Baina datuak ez dira berez diagnostikoa.

PISAren emaitzek errealitate konplexu baten berri ematen digute. Horregatik, galdera ez da soilik zer gertatzen ari den gure ikasleen emaitzekin. Galdera ere bada zer gertatzen ari den gure hezkuntza sistemarekin. Eta, batez ere, zer egiten ari garen emaitza horien aurrean.

Sakoneko arazoa da hezkuntzan egun pairatzen dugun errealitatea eta asko haien argudiaketak egiten hasi badira ere, euren etekin politikoaren bila, honen jatorria zalantzarik gabe faktore anitzekoa da. Euskal Herrian nabarmendu bada ere, ikasleen ulermen mailaren jaitsiera orokorra izan da, baita Espainiako Estatutik kanpo ere. Alemanian edo Finlandian, non hezkuntza egitura desberdinak dituzten, emaitzek ere behera egin dute. Beraz, euskararen kontra egiteko aitzakia topatu dutenentzat, beste behin ere argudiaketa horrek ez du funtzionatzen. Edonola, guk beti defendatuko dugu etekin interesatuek ez dituztela inola ere geure eskubide linguistikoak baldintzatuko.

Irakasleok oinarrizko zerbait behar dugu: denbora. Irakasteko denbora, prestatzeko denbora, koordinatzeko denbora, ikasle bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko denbora, haien familiekin elkarlanean aritzeko denbora

Hezkuntza Sailak behin eta berriz aipatu du ebidentzietan oinarritutako hobekuntzaren beharra. Irakurmena, matematika eta zientzietako konpetentziak hobetzea, diagnostikoa eta ebaluazioa indartzea eta ikastetxeetan erabakiak hartzeko datuak erabiltzea dituela helburu.

Zenbat eta zein baliabide jarriko ditu Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa benetan indartzeko?

Jaitsiera orokorrari erreparatuz, argi dago pantailek eta inteligentzia artifizialak eragin nabarmena izan dutela. Baina, horiek jomugan jarri baino, haien erabileraren inguruko hausnarketa eta formakuntza beharko genukeela gaineratu nahi dugu. Ordea, ez da hori izan Pedrosa sailburuak proposatu diguna: adostu gabeko digitalizazio prozesua, formakuntza errealik gabe, ezertarako balio ez duten kamerak... Hezkuntza Sailak inprobisazioz eta aldebakarrez egiten ditu mugimendu horiek guztiak.

Berdin jokatu da konpetentziekin. Gobernura iristen den indar politiko bakoitzarekin Hezkuntza Lege berri bat ezartzen zaigu. Azkena, gaitasunetan oinarritutakoa, Eskozian ezarri zen lehen aldiz eta, dagoeneko, bertan frogatu dute ikasleen ulermen gaitasuna nabarmen jaitsi dela. Aldiz, gurean buru-belarri jarraitzen dugu gure ikasleek sistemaren arazoak konpondu ditzaten lan egiten.

STEILASen iritziz, ebidentzia guztiak hartu behar ditugu kontuan. PISA, Ebaluazio Diagnostikoa eta bestelako ikerketak. Baina, are garrantzitsuagoa den ikastetxeetako eguneroko errealitatea ezin dugu ahaztu. Ikasleen testuinguru sozial eta ekonomikoa, ikasleen aniztasuna, segregazioa, hizkuntza errealitateak eta ikastetxeek dituzten baliabideak ere ebidentziak dira. Irakasleek aspaldi eman digute errealitate horren berri eta Hezkuntza Sailak entzungor egin dio esandakoari.

Bitartean, eskolari eta bertako langileei gero eta ardura gehiago eskatzen diegu, besteak beste, ikasle guztien ikaskuntza bermatzea, inklusioa sustatzea, euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, desberdintasunak konpentsatzea, pentsamendu kritikoa garatzea, ongizatea zaintzea…

Emaitzak ebaluatzen baditugu, ebaluatu ditzagun baita emaitza horiek lortzeko hezkuntza sistemak eskaintzen dituen baldintzak ere. Izan ere, ez da gauza bera hemezortzi ikaslez osatutako talde batean ikasle bat artatzea edo 25ekoan. Ez da gauza bera behar bereziak dituen ikasle bati arreta eskaintzea profesional espezializatuak alboan izanda edo horiek falta direnean. Ez da gauza bera klaustro egonkor batekin lan egitea edo etengabe aldatzen diren plantillekin. Beraz, lan baldintzek ere eragina dute emaitzetan.

Ezin zaigu irakasleoi exijitu sistemaren gabeziak ahalegin indibidualarekin konpontzeko. Horrekin ez dugu esan nahi irakasleon lana edo hezkuntza praktikak aztertu behar ez direnik, baina hezkuntza sistema osoa ebaluatu eta hobetu behar da. Ebaluazioak balio du baldin eta haren ondorioz erabakiak hartzen badira, baliabideak jartzen badira eta ikasleen beharrei erantzuteko neurriak hartzen badira.

Hezkuntza politika ausartak behar ditugu. Baliabideak behar ditugu. Eta hezkuntza publikoaren aldeko konpromiso politiko irmoa behar dugu.

Bestela, arriskua argia da: datu gehiago, txosten gehiago, ebaluazio gehiago eta eskakizun gehiago irakasleontzat; baina baliabide berberak ikastetxeentzat. Emaitza hobeak nahi baditugu, eskoletan baldintza hobeak behar ditugu. Eta irakasleok oinarrizko zerbait behar dugu: denbora. Irakasteko denbora, prestatzeko denbora, koordinatzeko denbora, ikasle bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko denbora, haien familiekin elkarlanean aritzeko denbora eta beste gizarte eragileekin lanean aritzeko denbora.

Euskal Eskola Publiko hobearen alde borrokan jarraituko dugu.

Itxaso Piquer Insausti eta Haizea Arbide Aza, STEILAS sindikatua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.