Jean-Claude Iriart abertzalea buru zuen ezkerreko zerrenda zabalak ez du garaipena lortu Baionan. Urruñan auzapezaren aulkia galdu du Filipe Aramendi abertzaleak. Haatik, Bokalen garaile atera da Mathieu Horn, zerrendakideen artean abertzaleak ere dituena. Hori horrela, emaitza ederrak lortu arren, oposiziotik aritu beharko dira ezkerreko abertzaleak bigarren itzulia zuten herri gehienetan.
Bozen bigarren itzulien kari oroitarazi ohi den egia bat berretsi beharrean gaude aldi honetan ere: "Bat gehi batek ez dakar beti bi". Edo bestela erranda, bigarren itzulirako aliantzek ez dakarte beti bi zerrenden botoen batuketa.
Adibiderik argiena dugu Baionarena. Matematikoki, lehen itzuliko ezkerreko zerrenden botoak batuta %47ra heldu beharko zuen Jean-Claude Iriart ezkerreko hautagaiaren Elkarrekin Baionarentzat zerrendak, Jean-René Etchegaray zailtasunetan jarrita –%42 eginda lehen itzulian–. Baina ez da horrelakorik gertatu. Etchegarayk segituko du auzapez beste zazpi urtez, botoen %51 jaso dituelako –lehen itzulian baino 1.850 boto gehiago– eta Iriartek %41 –7.990 boto, edo bestela erranda, Iriarten eta Etchetoren lehen itzuliko botoen batuketa baino 275 gutiago (eta ezker muturreko Pereira-Ostanelenak kontuan hartuta, 1.001 gutiago)–.
Parte-hartzea %54,59koa izan da, hots, 500 bat bozkatzaile gehiago mobilizatu dira lehen itzuliari alderatuta Lapurdiko hiriburuan. Horrek erran nahi du Etchegarayk jaso dituela abstentzionisten boto batzuk, bigarren itzulian mantenduriko eskuin muturreko Pascal Lesselierren zenbait eta agian ezkerreko batzuk ere bai. Argi dena da, ezkerreko guztiek ez dutela ezkerreko batasunaren alde egin. Abiaturiko elkarlana sustraitzen segitu beharko dute Elkarrekin Baionarentzat-ekoek, abertzaleen partetik Etcheto jakobinistarekin batzeko hautu estrategikoa egin baldin bada, ezkerrean badagoelako bozkatzaile bat abertzaleekin batu nahi ez duena.
Baionatik dator beste aldaketa inportante bat: eskuin muturra Herriko Etxera sartu da, kontseilari bat lortuta.
Haatik, auzapezaren kargua galdu du Maider Arosteguy eskuindarrak Miarritzen (Lapurdi), botoen %32,21 lortuta. Garaile atera da errugbiaz anitz dakien baina politikan esperientziarik ez duen Serge Blanco miarriztar ezaguna –%41,92–. Blanco batu zitzaion Jean Baptiste Dussaussoisi –%13,11– bigaren itzulirako, eta martxoaren 15eko bozetan hirugarren kokaturiko Ana Ezcurra ezkertiarra –%17,82 lehen itzulian–, berriz, Guillaume Barucqi –%12,15 lehen itzulian– batu zitzaion. Bigarren aliantza horrek ez du erabat funtzionatu, hain justu, matematikoki lortu beharreko boto mugimendua ez delako gertatu. Arosteguyk bi itzulien artean ia mila boto irabazi ditu, baina ez zaio nahikoa izan eta auzapezgoa galdu du. Ikusi beharko da zer nolako politika bideratuko duen Blancok, ikusita bere zerrendan dituela besteak beste eskuindarrak, baita 2020an ezkerreko zerrendetan aurkezturiko batzuk ere.
Urruñan (Lapurdi) ere galdu dute abertzaleek, Filipe Aramendi orain arteko auzapez abertzaleak botoen %37,64 lortu duelako. 275 boto gehiago lortu arren, ez zaio nahikoa izan, azkenean, lehen itzulian hirugarren kokaturiko Martine Mignot-Carméren bozkatzaile andanak Sébastien Etchebarnei eman diolako botoa aldi honetan. Ondokoa adierazi die Aramendik euskal hedabideei: "Bigarren indarra gara, baina baikorki nahiko nuke erantzun, nahiz eta ez dugun irabazi: gero eta urruñar gehiago konbentzitu ditugu, ekipa bat gara, gazteak baditugu, eta lan hori segituko dugu gerora begira ere. Abentura izugarria izan da sei urteotakoa, eta indar hori ez da horrela geldituko. Indar horrek segituko du, interes orokorraren zerbitzurako beti".
Hori da bigarren itzulietako bigarren egia bat: zerrendek aliantza baztertuta ere, gerta daiteke bozkatzaileek beren kabuz egitea aliantzaren alde eta lehen itzulian boto gehiago lortu dituen beste baten alde egitea bigarrenean, pentsatuta lehentasunez baztertu nahi duena galtzaile kokatzeko aukera gehiago dituela hautagai horrekin.
"Abentura izugarria izan da sei urteotakoa, eta indar hori ez da horrela geldituko. Indar horrek segituko du, interes orokorraren zerbitzurako beti"
Filipe Aramendi
Kanbo (Lapurdi) eta Maule dira horren adibideak: Kanbon, Peio Etxelekuk berretsi du lehen postua bigarren itzuli honetan ere bai, %46,55 eginda –lehen itzulian %39,55–. Martxoaren 15ean bigarren kokaturiko orain arteko auzapez Christian Devezek lehen itzuliko boto kopuru bera bildu du (bost boz gutiago). Ezkerreko abertzaleak dira galtzaile izan, Argitxu Hiriart-Urrutyk %19,70 egin duelako –lehen itzulian %25,46–. Hots, ezkerreko abertzale andanaren botoak Etxelekuri bideratu dira aldi honetan, estrategikoki Deveze kanpo uzteko bide bakarra zelakoan. Euskal hedabideen emankizunean, Hiriart-Urrutyk Etxelekuri leporatu dio Marieniaren borrokarekin bere bozemaileak "engainatu eta ebatsi" izana.
Maulen ere boto mugimendu hori gertatu da, aldi honetan Beñat Elkegaray abertzalearen alde: %29,61etik %34,82ra pasa da, 101 boto gehiago irabaziz bigarren itzulian. Bi itzulien artean aliantza proposatu zion abertzaleak hirugarren kokaturiko Armanda Accocei, baina azken honek errefusatu zion. Bi itzulien artean 145 boto galdu ditu Accocek, segur aski zenbait Elkegarayk bilduta. Dena dela, ez da nahikoa izan eta Louis Labadot komunistak segituko du Mauleko auzapez, botoen %47,30 jasota.
Ezkerreko abertzaleen garaipenen artean dago Bokale: Mathieu Horn atera da garaile, %37,38 lortuta. Lehen itzuliko lehia errepikatu da hiri horretan, aliantzarik gabe eta lau hautagaien arteko zeingehiagoka errepikatuta. Alta, hor ere boto mugimendua gertatu da. Martxoaren 15ean hirugarren eta azken kokatutakoek boto andana galdu dute eta emaitza hobeak egin dituzte lehen biek: Hornek %37,38 egin du –lehen itzulian baino 406 boz gehiago– eta bigarren kokaturiko Guy Boulangerrek %29,85 –lehen itzulian baino 198 gehiago–. Hori horrela, orain arteko auzapez Francis Gonzalez da galtzaile handia –%17,84–.
Bokalez aparte, emaitza onak lortu dituzte ezkerreko abertzalez osaturiko zerrendek, nahiz eta gehiengoan ez kokatu. Hainbat kontseilari lorturik, oposiziotik lan egin beharko dute hainbat herritan.
Arbonan (Lapurdi) doi-doietarik galdu dute abertzaleek. Hirugarren kokatu zen lehen itzulian orain arteko auzapez Marie-José Mialocqen aldeko zerrenda, botoen %26,23 jasota, eta lehiatik erretiratzeko erabakia hartu zuen ondoko egunetan. Hori horrela, bi hautagaien artean egin da bigarren bozketa, eta lehen itzulian bezala, estu-estua izan da lehia. Azkenean, Guillaume Fouquetek irabazi du, botoen %56,35 jasota, eta bigarren Beñat Arla –%43,65–. Euskal hedabideen jarraipenean, Fourquetek hitzeman du besoa luzatu eta Arlaren taldearekin lan egiteko prest daudela, hurbileko programak dituztelakoan.
Emaitza biziki onak lortu dituzte Hendaian (Lapurdi) eta Azkainen (Lapurdi) ere. Azkainen, Benedicte Luberriaga zentrista izanen da auzapeza, botoen %42,73 jasota, baina bakarrik 128 bozetara du Elorri Manterola abertzalea –%38,16– eta hirugarren, urrunago, Jean-Louis Laduche eskuindarra –%19,11–. 172 boto irabazi dituzte abertzaleek bi itzulien artean, eta 2020tik bikoiztu egin dute babesa.
Hendaian, Kotte Ecenarro sozialistak segituko du auzapez –%44,21–, eta bigarren kokatzen da Laetitia Navarron abertzalea –%32,56–. Nabarmentzekoa da abertzaleek egindako saltoa kostaldeko hiri horretan: 2020an 768 boto izatetik, aurtengo lehen itzulian 1.774 izatera heldu dira, eta bigarrenean 1.949 boto. Oroit gara 2020an aliantza lortu zutela bigarren itzulirako sozialistek eta abertzaleek, baina batasunak ez zien luze iraun eta oposiziora pasa ziren sei hautetsi abertzaleak 2022an. Aldi honetan, zerrenda zabala osatuta zuen Ecenarrok lehen itzulitik, tartean komunistak, EAJkoak baita zentristak ere dituela.
Ez da sorpresarik gertatu Donibane Lohizunen (Lapurdi): Jean-Francois Irigoyen eskuindarrak segituko du auzapez, botoen %48,37 jasota. Manuel de Lara zentrista bigarren kokatu da –%27,28– eta Pascal Lafitte abertzalea azken –%24,35–.
Beskoitzen (Lapurdi) ere orain arteko auzapez Pascal Jocouk segituko du karguan, botoen %52,07 jasota. Parean zituen Catherine Errecart –%27,34– eta Théo Salomon abertzalea –%20,58–.