Elurra sortzeko, erreka idortu? Sierra Nevadako eski estazioaren azken burutazioa

  • Iberiar penintsulako mendikate garaienean elur gero eta gutxiago pilatzen denez, Cetursa eski enpresa publikoak Andaluziako Juntari eskatu dio Monachil errekatik ur kopuru bikoitza ateratzea, elur artifiziala sortzeko. Ekologistek salatu dute ingurumen kalte larriak eragingo lituzkeela horrek. Sierra Nevadan 1993tik %68 euri gutxiago egiten du.  

Sierra Nevadakoa Europan hegoaldeen dagoen eski estazioa da. Irudian, Monachil udalerritik estaziora iristen diren telesillak. Sierra Nevada eski estazioa

2026ko urtarrilaren 14an - 09:41
Azken eguneraketa: 17:52
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Granadan, Sierra Nevadako Parke Nazionalean dagoen eski estazioak kanoi bidez jaurtitako elur artifizialarekin funtzionatzen du batik bat aspaldiko urteotan, beste estazio askok bezala. Elur natural faltari aurre egiteko ura erauzten dute Monachil errekatik, eta izoztu ondoren elur bihurtu. Orain, ur kopuru bikoitza erauzteko aukera eduki dezake, urtean 350.000 metro kubotik 671.260 metro kubora. 

Duela bi urte egin zion eskaria estazioa kudeatzen duen Cetursa enpresak Guadalquivirreko Konfederazio Hidrografikoari. Horrek atzera bota zuen, Andaluziako Juntaren ingurumen baimenik ez zuelako, baina berriki baimen hori eman dio juntak eta bidea ireki dio egitasmoari.

Sierra Nevadakoa Europako hegoaldeen dagoen eski estazioa da, eta nahiz eta garaiera handikoa izan –Mulhacen mendia (3.479 m) Iberiar penintsulako garaiena da– aldaketa klimatikoaren ondorioz elur falta gehien nozitu duenetako bat da

Sierra Nevadakoa Europako hegoaldeen dagoen eski estazioa da, eta nahiz eta garaiera handikoa izan –Mulhacen mendia (3.479 m) Iberiar penintsulako garaiena da– aldaketa klimatikoaren ondorioz elur falta gehien nozitu duenetako bat da. Estazioko arduradunek esan dute "behar gorria" dutela Monachiletik ur gehiago erauzteko, euren negozioaren errentagarritasuna bermatu aldera, noski. Horri lotuta, gainera, Monachilgo Udalak ere errekatik ur gehiago ateratzea eskatu du, eski-turismora emana dagoen Pradollano urbanizazioa hornitzeko.

Ekologistek alarma jo dute, ingurumen kalte handia eragingo lukeelako. Sierra Nevadako Aldaketa Globalaren Behatokiak emandako datuen arabera, mendikatean 1993tik 2023ra bitartean %68 euri gutxiago egin du, eta hori asko nabaritu da magaletatik behera doazen erreketan. Adibidez, azken urteetan ohikoa da uda sasoian Monachil erreka erabat idortuta aurkitzea Granada hiriburutik pasatzerakoan. 

Estazioan 427 elur-kanoi erabiltzen dira, 45 pista zuri mantentzeko. Espainiako Estatuko sare handienetako bat da. Sierra Nevadako eski estazioa

Elur guztia ez denean ur bihurtzen

Granada eta Almeria artean geografikoki isolatuta dagoen mendikateak balio handiko landaretza eta fauna biodibertsitatea biltzen du bere orografia eta hidrografiagatik, eta desagertzeko arriskuan dauden espezie endemiko ugari bizi dira bertan. Ecologistas en Acciónen arabera, ekosistema hori arriskuan legoke oreka hidrografikoa apurtuz gero. 

Baina arduradun politikoek gisa honetako baieztapenak egin dituzte: "[Estazioarentzat] ur gehiago behar da, elur bihurtu eta ondoren berriz urtuta itzuliko dena. Ez dago inpakturik". Juan Manuel Moreno Bonilla Andaluziako Juntako presidentearen hitzak dira. Adituek berehala gezurtatu dute mandataria: elurraren zati bat, %20 inguru, ez da urtzen baizik eta "sublimatu" egiten da, alegia, atmosferan lurrunduta galtzen da.

Elurraren zati bat, %20 inguru, ez da urtzen baizik eta "sublimatu" egiten da, alegia, atmosferan lurrunduta galtzen da

Bestalde, ura "noiz eta non" erauzten den ere garrantzitsua da: goiko arroetatik ura ateraz gero, beheko arroetan egiten da kaltea, eta ez da segurua udaberrian ura behealde horretatik igaroko denik.

Bitartean, Pradollanotik gora doazen maldetan 427 elur-kanoi martxan dira, estazioaren 45 pistak zuri-zuri mantentzeko; Espainiako Estatuko sare artifizial handienetako bat osatzen dute. Larrialdi klimatikoari ezikusia egiten dion "aurrera ihes" bat dela diote ekologistek.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Larrialdi klimatikoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.