Elorri-xixta eta gaztaina

  • Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi izan zuen, bertako erregina makurrarazi. Felipe II.a zen errege ero hura. Eroa baitzen, ez “zuhurra”, ezizenak dioen bezala. Eroa, mundu osoa berea zela uste zuten horietakoa. Gaur egun ere, horrelakoz inguratuta gaude eta erraz irudika dezakegu errege haien ustea.

Gerard Gray artistaren artelana.

2026ko martxoaren 30ean - 05:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Milaka eta milaka eta milaka arbola, gure basoak itsastatzen, gure basoak ozeanoz ibiltzen. Ontzi haietako asko eta asko urpean daude oraindik ere, baita haien eskifaietako makina bat lagunen arrastoak ere; euskaldun franko, ziur. Haien lepoko gurutzeak. Ezkontza eraztunak. Galtzetako gerrestun-belarriak eta katekorratzak. Eta haien brusaren ezkerreko aldean txixtatutako elorriaren arantza edo arantzaren elorri (Crataegus spp.) burdina bezain gogorra, kutun ez baitezpadakoa, tximistaren eta antzeko arerio pusken aurkako babesle ezin maitatuagoa.

Nikolas Ormaetxea Orixe handiak bere 1950eko Euskaldunak poema erraldoian, poema nazionala izan behar omen zuen horretan, honela dio elorri arantza ezkerraldean, bihotzaren parean, eramateari buruz: 

“Tximist-bildurrez elorri-xuxta 
ezkerrean du Garazik, 
bedeinkatua dala, jendeen 
oker-ustez aitzinatik. 
Dir-dir-aldiro «Aitaren»-entzat 
eskuiña nahi du jaberik... 
siniskeriak Sinismenari 
ez ahal dio hontan kalterik”.

Grayren artelana egiteko erabilitako 400 urtetik gorako gaztainondoa zena: marinel euskaldun batek patrikan zeraman gaztainetik Irlandan hazitakoa.

Euskaldunontzako elorriak bedeinkatuak direla dio, oker ustez, erdeinaz esanez, gutxietsiz; Juan Mari Lekuonak lizarrari buruz gauza bera zioen, hark errespetu guziz: “Lizarra ez da bedeinkatu behar, berez da bedeinkatua”. Ezkerrean eramatea ere ez du gustuko. Eta sineskeriatzat ditu bere aurreko ama, amona, amabortze, birramona, birbirramona, amabisaba, amabigoi, amaplara, ugazama, komai, amaidin, heren-amona, lauren-amona eta haien lauren-amona guztien jakintza eta buru jantziak. Horiek sineskeria, baina berea, bere erlijioarena, toki faltan adjektibo bakarrarekin definitzeko erlijio erailtzailearena, hori bai hizki handiz idazteko Sinesmena. Erlijioaren begirada baztertzailetik egindakoa dugu euskaldunok ustez gure Poema Nazionala izan behar zuena. Nolakoa izango litzateke garaikide zituen Lizardik edo Lauaxetak, edo bien artean idatzi izan balute? Beste zapo batek egingo liguke klin-klon.

Itsasontzietako eskifaietako marinelek, baina, arropetan patrikak ere bazituzten. Eta ontzia galdutako marinel guztiak ez ziren Atlantikoaren sakonean uraunditu. Urak ezin denak hartu eta batzuen gorpuak inguruko lurretan landatu zituen. Haietako bat Irlandako Ballygalyko hondartzan azaldu zen. Inguruko St. Patrick’s elizatxoaren hilerrian lurperatu zuten. Eta lurpean patrika, patrikakoa hozitu, ernatu. Agi danean, eskorbutoa den marinelen gaitzari aurre egiteko gaztainak (Castanea sativa) zeramatzan. Harrezkero 1588an jaiotako gaztainondoa bizi izan da hilerri horretan, 2020an erori zen arte; Armada Tree (ejerzituaren arbola) esaten zioten eta agian euskal gaztainen baten genetika izango zuen. Orduan Gerard Gray artistak gaztainondoaren zurarekin artelan bat egin nahi izan zuen, zer eta Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoaren interpretazio bat… Gustatu egin behar… Orduko Ingalaterrako erreginari asko gustatu omen zitzaion.


Irakurri gehiago: Landareak Ingurumena
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.