Elon Muskek deklaratu beharko du Pariseko epaitegian

  • X sare sozialen kontrako ikerketa bat irekita du Pariseko Auzitegiak, jasotako seinalamendu batzuen harira. Xn izandako gorroto-diskurtsoen ugaritze kezkagarria, baita europar estatuetako politikan Musken "esku-sartze pertsonalak" egon izanagatik irekita dute ikerketa. Apirilaren 20an deklaratu beharko du.


2026ko otsailaren 5ean - 07:00
"Motibazio politikoetan" oinarritutako "gehiegizko ekintza judiziala" salatu du X enpresaren jabe Elon Muskek.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

X sare sozialen kontrako ikerketa bat irekita du Pariseko Auzitegiak eta astearte honetan miatu dute plataformak Frantzian duen egoitza. 2025 hastapenean ireki zuen ikerketa Pariseko Auzitegiak, Macronen Renaissance alderdiko Eric Bothorel diputatuak eta anonimotasuna atxiki nahi duen instituzio publiko bateko arduradun batek egindako seinalamenduen harira. Zehazki, X plataformaren baitan egondako gorroto-diskurtsoen ugaritze kezkagarria salatzen dute biek; baita europar estatuetako politikan Musken "esku-sartze pertsonalak" ere.

"Motibazio politikoetan" oinarritutako "gehiegizko ekintza judiziala" salatu du X enpresak, argi utziz ez duela "inolako deliturik" egin. Adierazpen askatasunaren urraketa ere deitoratu egin du Musken enpresak.

Xren zuzendari ohi izandako Linda Yaccarinok ere deklaratu beharko du eta enpresako langile zenbait ere deituak izanen dira, lekuko gisa entzunak izateko. Ziber arloko Frantziako Jendarmeria eta Europol europar Polizia agentziaren eskuetan da ikerketa.

Aitzin, beste salaketa bat

Aurore Lalucq eurodiputatu ekologistak eta Marie-Claire Carrère-Gée senatari eskuindarrak ere jo zuten Frantziako Estatuan ikus-entzunezkoaren eta numerikoaren sektoreak gainbegiratzen dituen Arcom egiturarengana, edukien zabalpenean "Musken edukiak beste batzuk baino gehiago iradokitzen" direlakoan. Salaketa Irlandara bideratzea erabaki du Arcomek, han duelako bere Europako egoitza soziala Xk. Horrez gain, Europako Batzordearen esku ere utzi du afera.

Europako Batzordeak 2023ko abenduan ireki zuen ikerketa bat Musken plataformaren kontra, algoritmoen manipulazio susmoen inguruan, hor ere Musken edo eskuin muturraren mezuak ikusgarriago direlakoan. Aitzina doa bide judizial hori eta "bere gomendio-sistemei buruzko eta horietan berriki egindako edozein aldaketari buruzko barne-dokumentazioa" galdetu dio X plataformari, otsailaren 15a baino lehen igortzeko baldintza jarrita.

 

 


Sare sozialak kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Teknologia
Nor da nor?

2026ko otsailaren 11
Teknologia
Migratzaile digitalak

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.