Gasteizko Udalak debekatu egin dio Salburu auzoko Burdinbide auzo elkarteari bere egoitzan migratzaileei lo egiteko espazioa uztea, egoitza itxi eta dirulaguntza guztiak kentzeko mehatxupean. Iragan neguan hasi ziren 20-25 maliar inguru elkartearen egoitzan lo egiten, Salburuko Harrera Sareari esker, hainbat hilabetez Espainiako Poliziaren komisaria aurrean egunak eta gauak igaro ostean. Maliko gerratik ihesi heldutako pertsonak dira, asilo eskaera bideratu nahian –eta ezinean– ari direnak. Harrera sareko kideekin eta asilo eskatzaileekin hitz egin du ARGIAk. Debekua salatzeko ekimena antolatu dute ostegunerako.
Elkartearen egoitzan bildu gara Dori Barroso, Izaskun Vitoria eta Kepa Osegera Salburuko Harrera Sareko kideekin. Debekua salatzeko ostegunean egitekoak diren aldarrikapen jaia prestatzen ari dira. Azaldu dute urte bete inguru dela hasi zirela biltzen, maliarrak komisaria aurrean hilabeteak zeramatzatela eta negua hurbiltzen ari zela ikusita. “Urtarrila aldera hasi ginen elkartzen haientzako janaria, dutxa, medikurako laguntza... lortzeko. Baita lo egiteko tokia ere”.
Hiriko bi parrokiatan tokia uztea lortu zuten, eta auzo elkarteko gela nagusia ere horretarako prestatu. “[Hizketan ari garen] Gela honetan 20-25 pertsonek egiten zuten lo. Arratsaldeko 19:30tan gutako bat etortzen ginen haiekin, elkartea zabaltzera. Koltxoiak bota, lo egin, eta goizean goiz beste kide batek zabaltzen zien berriz ere, irten zitezen”.
Debekua, abuztuan eta mehatxupean
Uztaila hasieran bilera batera deitu zituen udalak Burdinbideko kideak. “Esan zieten jakin berri zutela zertan ari ziren, elkarteak dirulaguntzak eskatzeko aurkeztutako proiektuan hori ez zela jasotzen eta bertan behera utzi behar zutela, bestela lokala eta dirulaguntza kenduko zizkietela. Erantzun zieten debekuak ez zuela zentzurik, elkarteak bere ohiko jarduna mantentzen zuela berdin-berdin, eta larrialdi egoera bati erantzuten ari zirela, salbuespena zela. Ezezko borobila eman zieten”.
Debekua idatziz ematea eskatu zion elkarteak udalari. Uztailaren 28an, “elkartean jarduerarik ez dagoenean jada”, gutun ziurtatua helarazten saiatu zen udala. “Txiripaz ohartu ziren saiakeraz, eta hurrengo urrats administratiboa elkartea ixteko errekerimendua BOTHAn argitaratzea zen”. Elkartean uste dute nahitara abiatu zuela udalak prozedura opor garaian, "ezkutuan, mobilizazioak eta salaketak saihesteko”.
“Etorri dadila Polizia eta desalojatu dezala”, aukera hori aztertu zutela azaldu dute sareko kideek. “Baina erabaki genuen debekua ez desobeditzea: batetik, elkartea babesteko; bestetik, maliarrek ez zutelako nahi. Prozesu polizial baten zain daude, iskanbila batean identifikatzen badituzte, edo aurrekariak sortuz gero, haientzako kaltea handia izan daiteke”. Irailaren 3az geroztik inork ez du lorik egiten Salburuko auzo elkartearen lokaletan.
Pilatuta edo kale gorrira
Udaberriaz geroztik maliarren taldeko zenbait lagun sareak lortutako beste lokal batean igarotzen dute gaua. Burdinbiden lo egiten zutenei bertara joateko aukera eman diete. “Lehen 10-15 pertsonak lo egiten zuten bertan, orain 40 inguruk, erabat pilatuta”. Pilaketa hori dela eta, beste batzuk nahiago dute kalean lo egin.
Gauen hotza egiten hasi da Gasteizen. “Kezkatuta daude, iaz hotz handia pasatu zuten lotarako tokiak lortu genituen arte”, azaldu dute auzo elkartetik. Hotzagatik ez ezik, beren bizitzagatik daudela kezkatuta azpimarratu dute. “Urte bat baino gehiago daramate asilo eskaerarekin aurrera egin ezinik, egun guztia komisaria aurrean zita baten zain”.
“Egoera oso gogorra da, ez dugu aterabiderik ikusten”
Arropa batzuk eraman behar dituztela eta, elkarteko kideekin hurbildu gara Espainiako Poliziaren komisaria aurreko arkupeetara. Bidean, Vitoriak kontatu digu Burdinbiden lo egiten zuen Moussa bere etxera joan ohi dela lanetik irtetean, dutxa bat hartzera. Etxean gela bat eskaini diote, baina erantzun die momentuz nahiago duela kalean lo egin.
Bi dozena maliar inguru daude komisaria aurrean, gazteak zein helduak, emakume bakarra tartean. Sofak, eserlekuak, koltxoiak edo kozinatzeko su txikiak ere ikus daitezke. Ongi etorria eman digute batzuek eta besteek. Bakarrak hitz egiten du gaztelania pixka bat, eta lortu dugu nolabait komunikatzea.
“Egoera oso gogorra da, ez dugu aterabiderik ikusten, jendea triste dago” (Mamadou)
Mamadou (ez da bere egiazko izena) Burdinbide elkartean lo egiten zuten pertsonetako bat da. “Ni eskaini diguten lokalean ari naiz lotan, han [Burdinbiden] geundenetatik zortzik edo bederatzik hemen egitea erabaki dute”, dio. Azaldu du egun osoa ematen dutela bertan, Poliziak hitzordua emateko zain. “Arratsaldeko 19:00etan [Salburu Harrera Sareko] pertsona batek laguntzen digu lokalera, eta goizeko 8etarako bueltan gaude”.
Haien artean egoera oso ezberdinak daudela azpimarratu du Mamadouk. “Batzuk lanean ari dira, beste batzuk ikasten, edo biak, gehienek ez dute horretarako aukerarik”. Ia guztien asmoa asiloa eskuratu eta bizitza beste herrialde batzuetan eraikitzea da, ez Euskal Herrian, baina dio bera bertan geratuko litzatekeela, aukerarik balu.
“Egoera oso gogorra da, ez dugu aterabiderik ikusten, jendea triste dago”, dio Mamadouk. Ondoan ditugu bere herrikide asko, solasaldiari adi, eta batek eskaera egin dio. “Eskatu dit zuri esateko hitzordua lortu duela; 2028rako eman diotela zita”. Harrera sarearentzat izan dira Mamadouren azken hitzak: “Jende asko ari zaigu laguntzen, guretzat oso garrantzitsua da hori”.
“Pasibotasunetik beligerantziara”
PSEk eta EAJk osatutako udal gobernuak debekurako eman dituen argudioengatik galdetu diegu sareko kideei. “Argudio nagusia da ez dela udalaren eskumena, eta udalak ezin duela beste erakunde baten funtzioa bere gain hartu, lege aldetik, diruagatik...”. Baina argudio horrek ez die balio. “Iragan Gabonetan guk hemen egin dugun bera egin zuen udalak bere jabegoko Amaia zentroan, aste betez egon ziren lotan hainbat maliar, are gehiago, espazioa kudeatzen duen auzo elkartearen iritziaren aurka egin zuten. Nahi izanez gero, hortaz, posible da”.
Salburuko Harrera Sareak bere sorreratik azpimarratu du migratzaileei eta edozein herritarri bizitzeko baldintza duinak bermatzeko ardura erakunde publikoena dela: sarearen lana ez lukeela beharrezkoa izan beharko; baina beharrezkoa den bitartean egin egingo dutela. Hilabeteak eman dituzte salatzen udala ez dela bere egitekoa betetzen ari, eta orain, diote, hori gutxi ez eta elkartasunez hutsune hori betetzen ahalegintzen ari direnen aurka egiten du. “Lo egiteko tokia uztea debekatuta, jarrera pasibo batetik jarrera beligerante batera egin du jauzi udalak”.
“Oxala udalak jarrera aldatuko balu, baina hori gertatu edo ez, guk gurean jarraituko dugu” (Salburuko Harrera Sarea)
Ostegunean, aldarrikapen jaialdia
Ez dute uste jarrera isolatua denik, eta kezka agertu dute Euskal Herrian migratzaile eta baztertuekiko elkartasunaren kriminalizazioa areagotzen ari delako. Donostiako KASen afari solidarioen debekua jarri dute adibidetzat.
Debekua salatzeko eta elkartasunari gorazarre egiteko jardunaldia antolatu dute Burdinbide auzo elkarteko eta Salburuko Harrera Sareko kideek. “Egin ditugu mobilizazioak, eta jarraituko dugu egiten, baina oraingoan alaitasun pixka batekin ere salatu nahi genuen egoera, besteak beste maliarrek eskatuta, etsitu eta nekatu samar daudelako”. Arratsaldeko 17:30ak eta 20ak bitartean, Martxoak 8 etorbideko biribilgune ondoan, haien doinuak eskainiko dituzte Mikel Urdangarin, Abdul Metal edo Sabdariffa musikariek,eta izango da zer jan eta edan. “Oxala udalak jarrera aldatuko balu, baina hori gertatu edo ez, guk gurean jarraituko dugu”.