argia.eus
INPRIMATU
Elkartasun Egun jendetsua Arrasaten
  • Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko eguna ospatu dute larunbatean, batez ere Josu Arkauz arrasatearraren egoeran atentzioa jarri nahian. 25 urte daramatza Arkauzek espetxean eta Europako legediaren arabera kalean egon behar luke.

Mondraberri 2016ko irailaren 19a

Egunaren antolatzaileek beraiek esaten duten moduan gehiago antolatu nahiko ez luketen egunak goizetik hasi eta gaueko ordu txikietara arte ekintza mordoa izan zituen bera baitan. Goizean adibidez, merkatu alternatibo eta puzgarri eta jolasez beteriko umeentzako esparru bihurtu zuten Biteri Plaza.

12:30tarako hasi ziren urtero legez herriko taberna guztietan egiten diren kontzertuak. Batzuek taberna barruetan egin zituzten, besteek aterpeak aprobetxatuz, batzuek eszenatokian. Euriak ez zuen eguerdi parte horretan gehiegi lagundu, baina musika hotsa nabarmen entzun zen kaleetan barrena. Goizean hasitako kontzertuei 17:00etan eman zieten jarraipena eta taberna gehienak doinu ezberdinekin bete ziren.

Goizean umeentzako parke eta azoka zena, 220 pertsonarentzako bazkaltzeko toki bihurtu zen eguerdi partean. Menu goxoa (paella, entsalada eta saiheskia parrillan) eta berbetarako gogo handia, omenaldi eta guzti borobildu zuten bertaratutakoek.

Arratsaldeko 19:30tarako gelditu zen eguneko ekitaldi garrantzitsuena. Herriko Plazatik irtenda, kale ezberdinak zeharkatu zituen euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien alde buruturiko manifestazioak. Ehundaka lagun bildu zituen bere baitan gainera manifestazioak eta guztiek Herriko Plazan egin zen omenaldian eman zuten azken pausua, Plaza goraino betez.

Bertan, txalaparta doinuak entzun eta gero, Josu Arkauzek preso daramatzan urteetan gertatu diren gauza esanguratsu batzuk aipatu nahi izan zituen, urtez urte, jendeak kontziente izan dadin zenbaterako ematen duten 25 urtek. Ohorezko aurreskua eta gero, txalo zaparrada artean agurtu zituzten preso eta iheslarien lagun eta senitartekoak.

Eguna baina, ez zen bertan amaitu, gaueko 22:00etatik aurrera Gaztetxera gerturatu zenak kontzertu ederraz gozatzeko aukera eduki baitzuen 4 talderekin: Screaming for Change, Bar Remigio, Flyshit eta azken aldian indar handia hartu duen Eskean Kristo.

Eta gauak luze jo du, egunak 24 ordu baditu ere, elkartasunak ez daukalako denbora mugarik.

Albistea Mondraberrik argitaratu du eta bertatik ekarri dugu ARGIAra