Gizon batek haren bikotekidea labanaz eraso eta hil zuen otsailaren 20an, Sarrigurenen (Nafarroa). Gizonak bere ama ere zauritu zuen. Epaileak espetxera bidali du. Astelehenez, Donostian, Bilbon eta Gasteizen elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Mugimenduak adierazi du hilketa matxista ez dela gertaera isolatua. Gizonak eta erakunde publikoak interpelatu ditu, bakoitzak bere ardurak har ditzan. 2026an Euskal Herrian gertatu den lehenengo hilketa matxista da.
Otsailaren 20an, 28 urteko gizon batek haren bikotekidea labanaz hil zuen. Bere ama ere zauritu zuen, hainbat hedabidek jaso duenez, emakumea erasotik babesten saiatu zenean. Gizonaren ama ospitalean dago, arriskutik kanpo. Bikoteak lau seme-alaba ditu eta haietako bat etxean zegoen erasoa gertatu zenean. Azken orduko albistearen arabera, epaileak gizona espetxeratzea erabaki du auzipetuak ihes egiteko arriskua duela nabarmenduta. Hilketa eta giza hilketa saiakera delituak egotziko zaizkio. EITBk jaso duenez, inputatuak ez du deklaratu nahi izan gaur epailearen aurrean egin duen agerraldian.
Asteburuan hainbat elkarretaratze egin dira hilketa matxista salatzeko. Sarrigurenen udalak deitu zuen elkarretaratzea larunbatean, eta egun berean, Itaiak deituta elkartu ziren Iruñean. Igandean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egin zuen hamabost minutuko isilunea, Iruñean. Astelehenez, Donostian (Bulebarrean), Gasteizen (Andre Mariaren plazan) eta Bilbon (Arriaga plazan) izango dira elkarretaratzeak, denak 19:00etan. Emakumeen Mundu Martxak duela gutxi berritu du eraso matxisten aurkako protokoloa, eta dei egin du auzo eta herri guztietan mobilizazioak egitera: “Erantzun kolektiboa da gure indarra”.
Emakumeen Mundu Martxak, prentsa-ohar bidez, hildako emakumearen senideei, eta bereziki erasoa ikusi zuen semeari, elkartasuna eta babesa adierazi die, eta zauritutako emakumea ere gogoan izan du.
Mundu Martxaren ustez, Sarrigurengo hilketa ez da kasualitatea, “kapitalismoaren, kolonialismoaren eta patriarkatuaren ondorioa baizik”. Zehaztu du banatze prozesu baten testuinguruan gertatu dela hilketa, eta gogorarazi du emakumeen bizitzak ez direla gizonen jabetza: “Emakumeak bere bidea egitea erabakitzen duenean, gizonak indarkeria erabiltzen du bere nagusitasuna berresteko”.
Gizonei eta erakundeei ardurak hartzeko deia
Gizonei ardurak hartzeko deia egin die Mundu Martxak, gizonen isiltasuna “konplizitatea dela” salatuta: “Indarkeria matxista ez da emakumeon arazoa, gizonok sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik”. Erakundeei “diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak alde batera uzteko” eskatu die, eta emakumeak eta haien seme-alabak babesteko baliabideak galdegin: “Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz”.
Mundu Martxaren elkarretaratzea Iruñean, Ahotsa.info hedabideak argitaratutakoa: