Elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, urriaren 12ko auzipetuen absoluzioa eskatzeko

  • Urriaren 12an atxilotutako eta ikertutako pertsonen aurkako prozesu judiziala martxan dagoela jakinarazi dute auzipetuek, eta urtarrilean deklaratzera deituak daudela. Honen aurrean elkarretaratzea deitu dute urtarrilaren 20an Andra Maria Zuriaren plazan, arratsaldeko 19:00etan.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko urtarrilaren 8an - 12:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2025eko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, Gasteizera etorri ziren Falange Española de las JONS talde ultraeskuindarreko kideak. Beraien elkarretaratzean Euskal Herriaren nazio izaera ukatu eta aldarri faxista eta espainolistak egin zituzten, besteak beste. Honen aurrean ehunka antifaxista elkartu eta protesta egin zuten Falangeko kideen aurrean. Ertzaintzak egindako esku-hartzean hamarnaka pertsona zauritu zituzten, hemeretzi lagun atxilotu, eta hainbat pertsona ikertzen ari dira gerora, denak antifaxistak.

Urriaren 12ko gertakarien ondorioz atxilotu eta ikertuak izan diren antifaxistek beraien aurkako prozesu judiziala martxan dagoela jakinarazi nahi izan dute komunikatu baten bitartez. Urtarrilaren 20an deklaratzera deituak daudela komunikatu eta datozen hilabeteetan data gehiago egongo direla iragarri dute. Auzipetutako antifaxistei elkartasuna adierazteko eta hauen absoluzioa eta kasuaren itxiera exijitzeko elkarretaratzea deitu dute Andra Maria Zuriaren plazan, urtarrilaren 20an, arratsaldeko 19:00etan.

Auzipetuek kaleratu duten komunikatuan Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak duten erantzukizuna seinalatu dute. Izan ere, instituzioen onespenarekin mobilizatu ziren Falangeko kideak Gasteizko Probintzia plazan La unidad de España ni se vota ni se negocia lelopean. Baina azpimarra ertzaintzaren jardunean jarri nahi izan dute. Auzipetuek salatu dute ertzaintzak falangistekin batera kargatu zuela azken hauek makilekin eta piper-espraiekin antifaxisten aurka oldartu zirenean. Ertzaintzak faxistekin batera kargatu zuela ere salatu nahi izan dute, eta irekitako ikerketa eta prozedura judizial denak antifaxisten aurkakoak izan direla. Horrek agerian uzten du faxistek duten ekiteko inpunitatea eta babesa.

Bestalde, instituzioen bozeramaileen jarrera salatu dute. Faxisten probokazioak seinalatu beharrean, adierazi dute “antifaxisten aurkako kriminalizazio kanpaina juridiko eta mediatikoa jarri zutela martxan”. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta beste kargu publiko batzuek egindako deklarazioak “surrealista” bezala kalifikatu dituzte, tartean antifaxistei “faxista” deitzea.

Plazaratutako komunikatuan adierazi dute “faxismoa borrokatzen jarraitu behar dugula eta hauen aurkako protesta guztiz legitimoa eta beharrezkoa dela”. Seinalatu dute bizi ditugun garai hauetan “faxismoaren hazkundeari eta normalizazioari aurre egin behar zaiola” eta Falange bezalako alderdiek “ez dutela tokirik izango gure kaleetan”.


Antifaxismoa kanalean gehiago
2025eko azaroaren 26
Garbiketa

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin