ELB sindikatuak deitu du elkarretaratzera, Frantziako Canon Français enpresak azaroaren 28an antolatu duen bazkaria "eskuin muturraren eta haren ideia erreakzionarioen" erakuslehio izango dela argudiatuta. Pierre Edouard Sterin diruduna da enpresa horren akziodunetako bat, 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izateko Perikles plana martxan duena.
"Agur naziak, solas arrazistek, sexistek, transfoboek eta homofoboek 'bankete' horiei erritmoa ematen diete", adierazi du ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak asteazkenean zabaldutako oharrean. Haien iritziz, "inoiz baino beharrezkoagoa" da ideia faxista, erreakzionario, baztertzaile eta diskriminatzaileen aurrean elkartasuna adieraztea. Horregatik, etxe ekoizle, laborari, sail eta enpresa guztiei dei egin die uko egitea Canon Francais enpresarekin lan egiteari. Miarritzeko Herriko Etxeari ere bere ardurak hartzea exijitu diote: "Gertakari onartezin eta arriskutsu hori ezeztatu behar da".
Sindikatuak salatu du "ideia faxisten gorakadaren" testuinguruan, eskuin muturra ez dela "sekula hain argi" agertu laborantza herrikoiaren aurka: horren adibide gisa aipatu dute iragan uztailaren 21ean Frantziako Asanblean laborantza larrialdiaren lege proiektua, besteak beste, RNko diputatuen aldeko botoekin onartu zela: "Lege horrek laborantza industriala sustatzea, gutxi batzuek baliabideak bereganatzea eta laborarien zein kontsumitzaileen pozoitze masiboa dakar berekin".
Perikles plana
L'Humanité egunkariak eman zuen Sterinen Perikles planaren berri 2024ko uztailean: dirudunaren taldeak idatzitako dokumentu baten arabera, 2027an egitekoak diren Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarra garaile izatea xede du planak. Horretarako, hamar urteetan 150 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du eskuin muturraren "garaipen politiko eta ideologikoa" bermatzeko: besteak beste, hedabideen kontrola, politikariak "hezteko" eskolak eta think tank edo gogoeta talde baten sorrera.
Dagoeneko nabaritu dute Ipar Euskal Herrian dirudun frantziarraren planaren hedapena: akzioduna den CRSI Frantziako Barne Segurtasunaren Gogoetarako Zentroak gogoeta gaualdi bat egin zuen Miarritzen iazko otsailean, Aguilera estadioko gela batean. Hain zuzen, Sterin estadio horretan bere norgehiagokak jokatzen dituen BO Miarritzeko Olympique errugbi taldearen diruztatzaileetako bat da.