Apirilaren 25ean manifestazioa antolatu du Gernika-Palestina Herri Ekimenak “Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez!” lelopean. Palestinan bizitzen ari diren egoera “jasanezina” salatzera deitu dute.
Prentsaurrekoa egin dute asteartean “Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez!” lelopean. Gernika-Palestina Herri Ekimeneko Naroa Iturri, Ibon Meñika, Nekane Balluerka, Agus Hernán, Ahmed Alhaddad eta Nur Abunamus kideak eta nazio mailako mobilizazio baten berri eman dute: apirilaren 25an Donostiako Alderdi Ederren 17:30ean.
Gizarteari “dei egin” diote, “mobilizatzeko, protestatzeko, aktibatzeko, hitza hartzeko”. Palestinako egoera “jasanezina” salatzera deitu dute eta Palestinako herriarentzat aitortza eta errespetua eskatzera. Elkarretaratzean “elkarrizketa eta negoziazioaren” beharra azpimarratu nahi dute eta irudi bat sortzeko asmoa azaldu dute, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrena ardatz harturik.
“Genozidioa, gerra, biolentzia, mehatxuak, blokeoa, krisi humanitarioa, desplazamenduak, goseteak, bahiketak... naturalizatu dira. AEBekin batera, inpunitate osoz, biolentzia eta basakeria baliatu dituzte beren interes geoestrategikoak inposatzeko. Munduaren egoera jasanezinaren erantzule nagusiak dira”, adierazi dute. “Gerra kontinente guztietara zabaldu” dela ohartarazi dute eta ondorioak zibilizazio osoan antzematen direla, Euskal Herrian barne.
“Nazioarteko legedia etengabe urratzen” ari den honetan, “nazioarteko ordena berria” ezartzea, “inpunitaterik ez” egotea eta “Israelekin harreman guztiak moztea” eskatuko dituzte 25eko manifestazioan.