Ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxak hiru zutabe izango ditu, bakoitza aldarrikapen bati lotuta: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan jauzia ematea eta euskaltzaletasuna. 17:00etan abiatuko da mobilizazioa, baina goizetik kaleak girotzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Alde Zaharrean.
Martxoan iragarri zuen Kontseiluak ekainaren 13ko Iruñeko Euskaltzaleon Martxa, eta orain jakinarazi du mobilizazioaren leloa: Euskaraz bizitzeko behar den dena. "Helburua da egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea. Abenduan Bilbon egindako ekitaldiak diskurtso hori plazaratzeko balio izan bazuen, ekaineko hitzordua Pizkunde berri baterako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da", azaldu du eragile euskaltzaleak.
Hiru aldarri nagusik ardaztuko dute mobilizazioa, eta horrek isla izango du mobilizazioaren izaeran: hiru puntu ezberdinetan biltzera deitu dituzte euskaltzaleak, bertatik zutabeetan irten eta Gazteluko Plazan elkartzeko.
Ekainaren 13a "mugarri"
Lehen zutabean, euskararentzako ofizialtasun osoa eskatuko dute: Ipar Euskal Herrian koofizialtasuna; Nafarroan zonifikazioa "gainditu" eta ofizialtasuna "lurralde osora hedatzea"; eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan oldarraldiak ekarri duen "desofizializazioari" aurre egiteko "euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat".
Bigarren zutabean, hizkuntza politiketan jauzi bat ematea aldarrikatuko dute, euskararen ezagutza sustatzeko politika eta erabilera normalerako baldintzak eman daitezen. Helburu horrekin, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituela iragarri du Kontseiluak.
Hirugarren zutabeak euskaltzaletasuna aldarrikatuko du, egunerokotasunean duen garrantzia eta "elkarrekin antolatzearen premia" azpimarratzeko.
Gazteluko Plazan ekitaldi politikoa egingo dute mobilizazioari amaiera emateko, amaiera "berezi" batekin. Dena den, euskaltzaleak deitu dituzte, batetik, Iruñera goizetik bertaratzera, Alde Zaharreko kaleak girotuko baitituzte hainbat eragilek, eta, bestetik, gaurdanik mobilizazioaren deialdia eta mamia zabaltzera herritarren artean. "Ekainaren 13a mugarri izatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa", azaldu dute.
Larrialdiaren aurrean, "giharra indartu"
Apirilaren 24an Euskalgintzaren Kontseiluaren 2026ko Batzar Nagusia egin zuten eragilea osatzen duten dozenaka elkarteek, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen egoitzan. Bilkuran bi bazkide berri batu ziren Kontseilura: Hamaika telebista eta Garabide elkartea. Orotara, 28 bazkidek eta lau "erakunde so egilek" osatzen dute bilgunea (hemen partaide guztiak).
Egoeraren azterketa partekatua egin zuten batzarrean: "Azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat".
Egoerari aurre egiteko euskararen aldeko jauzi baten eta paradigma aldaketaren beharra nabarmendu zuten, baita "ofizialtasuna Euskal Herri osoan, eta zeharlerrotasuna politika publiko guztietan". Horretarako, esparru instituzionaletik eginbeharreko lanez gain, indar sozial antolatua eta herritarren inplikazioa behar direla adierazi dute, “euskaltzaletasunaren giharra indartu” dadin. Horretarako erreminta izan nahi du Iruñeko mobilizazioak.