Finala errepasatzeko tarterik apenas hartuta, biharamun gozoan hartu gaitu Iñaki Viñaspre (Abetxuko, 1984) Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldun berriak. Finalean bertsokide izan dituen guztiekin oso eskertuta agertu da, talde ederra osatu eta eroso sentitu delako. Udazkenean jokatuko den Euskal Herriko txapelketari begira, gogoa azaldu du batik bat prestaketa lanetarako.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
2004tik finalez final aritu zara Araban. Entzun dizut finalaren atariko ohiturak aldatu dituzula oraingoan.
Urteak pasa ditut goizean aretoa ikustera joan eta lagunekin bazkaltzeko plana egiten. Baina aurten ez. Nahiago izan dut etxean lasai geratu eta etxetik zuzenean aretora arratsaldez joan. Hori izan da aldaketa. Ez dakit diferentzia handia den, baina niretzat izan da.
Urduritasunak aldatu dira?
Esango nuke ezetz. Txapelketa bera aldatu da. Aurtengoa oso berdindua izan da, ez soilik finala, baita finalerdiak eta final laurdenak ere. Uste dut gazteek oso maila handia dutela, eta gogoa eta gosea ere bai. Eta niretzat finalera iristea bera sari bat izan da. Horregatik, beharbada, beste urte batzuetako presiorik gabe heldu naiz, neukan guztia emateko prest, pretentsio handirik gabe.
Bost bertsokide gazte izan dituzu aldamenean, denak ere 30 urtez azpikoak. Hasierako bertsoan umorez deskribatu zenituen banan bana: bata marianito, bestea gintonic... eta zu karajillo edo kafe-pattar. Zuk zeuk markatu zenuen adin diferentzia.
Uste dut markatu gabe ere nabarmena zela; ezkutatu beharrik ez daukagu [barre egin du]. Aldamenean izan nituen bertsolariak txiki-txikiak ziren nik 2004an lehenbiziko finala jokatu nuenean, bakarren bat jaio gabe zegoen. Kontziente izan naiz hortaz, eta propio heldu nion gaiari hasierako agurrean, umoretik.
Indartsu da bertsolaritza Araban.
Aurreko faseetan ere gauza bera ikusi da. Adibidez, Danel Herrarte ez da finalean sartu puntuazioan berdinketa bat izan delako, eta Martin sartu da. Uste dut gazteek maila oso-oso ona erakutsi dutela, gainditu dituztela ohiko finalista batzuk, eta Arabarentzat oso berri pozgarria dela. Badago belaunaldi berri bat oso maila txukunean ari dena.
Unai Andarekin heldu zinen buruz burukora. Bere lehen finalean ausart aritu zen. Sorpresaz hartu al zenuen?
Txapelketa jarraitu duen edozeinek ez du sorpresaz hartu. Final laurdenetako puntuazioan oso ondo geratu ez bazen ere, nire ustez oso saio ona egin zuen; eta gero, finalerdietan, izugarri aritu zen, puntuazioan ere bai. Berak ere aipatu zuen bere burua ez zuela finalerdietan ere ikusten, horra iriste hutsa plazera zitzaiola, eta uste dut presioa kentzeko balio izan diola. Begira nora heldu den. Horretaz aparte, iruditzen zait eskaintzeko asko duen bertsolaria dela. Tipo umila da, jatorra, maitagarria, umoretsua, serio jartzen ere badakiena... Niretzat plazera izan zen buruz burukoa berarekin partekatzea.
"Pretentsiorik gabe heldu naiz finalera, eta asko gozatu dut"
Ez zen inor jausi finaletik, eta inor ez zen bereziki nabarmendu. Saio paretsua izan zen.
Orokorrean sentsazio bera izan genuen denok, ia edozein pasa zitekeela buruz burukora. Jendearekin komentatu dut, eta denetariko apustuak zeuden publikoan. Polita da, erakusten duelako denok nahiko maila txukunean eta ondo aritu ginela; detailetxoek erabaki zuten buruz burukoa.
Aitortu zenuen ez zenuela espero txapela irabaztea, zeure buruari ez zeniola aukerarik ikusten. Saioa aurrera joan ahala, aldatu zen sentsazioa?
Ez. Nire kinielan beste izen batzuk zeuden [barre egin du]. Lasai joan nintzen finalera, besteen ariketak gustura entzuten egon nintzen; baina egia da gertatzen dela norbere buruarekin zorrotzegi jokatzea. Baina nire saioa ez nuen besteen pare ikusten. Adibidez, oso ondo ikusten ari nintzen Unai [Anda], bera baneukan buruz burukoan; eta Maddi [Agirre] eta Peru [Abarrategi] ere hautagai on gisa neuzkan. Azkenean, nire izena esan zutenean, sorpresa hartu nuen. Gauza bera txapela tokatu zenean.
Umoretsu aritu zinen ariketaz ariketa. Eroso zeunden?
Bai. Alde batetik, oso talde polita osatu genuelako. Bost bertsokideak oso ongi ezagutzen ditut, haiek ni ere ongi ezagutzen nautela esango nuke, eta oso giro polita osatu dugu bai final aurretik, bai finalean bertan, eta bai final ostean ere. Plazer handia izan da beraiekin kantatzea. Bestetik, ez nuenez pentsatzen txapela irabazteko hautagai argia nintzela, horrek ere egin zuen finala lasaiago hartzea, bestelako tentsio batekin joatea, eta egunari eta saioari kantatzen zentratzea.
Erraz eta gustura sumatzen zitzaizun bertsotan, seiko motzean adibidez, Aroa Arrizubietarekin egokitu zitzaizunean kantatzea arte erakusketa bateko egoeraren inguruan.
Esango nuke gustukoen ariketa horretan gelditu nintzela. Perurekin [Abarrategi] zortziko handian ere oso gustura ari nintzen, eta beste ariketetan ere bai. Baina askeen seiko motzean sentitu nintzen, bai. Oso gustura. Aroarekin [Arrizubieta] saio osatu eta eder bat egitea erraza da. Eskertu nahi diet bertsokide guztiei, elkar eusten aritu ginelako eta benetan plazera izan zelako haiekin kantatzea, haien taldetxoan bat gehiago izatea. Izugarri maite ditut eta oso maitatua sentitu naiz.
Ariketaz ariketa, erreferentziak eman eta gaian kokatzeko lanean nabaritu zitzaizun. Horixe zen zeure buruari ipinitako zereginetako bat?
Neukana ematera joan nintzen. Ez da hautu kontziente bat izan, beharbada prestakuntzaren ondorio da. Entrenamenduetan Josu [Ordoñez] eta Ruben [Sanchez] izan ditut aldamenean, eta Rubenek askotan azpimarratzen zidan gaia kokatzearena, lehen bertsotik argi uzteko nondik ari nintzen kantatzen. Uste dut ariketa guztietan ez niola kasu egin [barre egin du]. Esate baterako, buruz burukoan bakarka, kanpotik planteatu nuen gaia, gehiegi konkretatu gabe.
Final berezia izan zen. Besteak beste, bezperan Korrika igaro zen Gasteiztik, eta hil honetan, hain justu, bete dira 50 urte sarraskitik. Martxoak 3 elkartea izan zen txapela ipini zizuna, gainera.
Finala aurkezteko prentsaurrekoan ikusi nuen txapela lehenbizikoz, eta adierazi nuen asko gustatu zitzaidala, tartean Martxoak 3 elkartearen logoa daramalako. Esanguratsua da arabarrontzat eta euskal herritarrontzat oraindik pausurik eman ez izana justiziaren bidean. Gure historiaren momentu bortitz eta krudela da, oraindik presente dirauena. Eta langileen borroka ere martxan dagoen zerbait da, Aiaraldera begiratu besterik ez dago. Horregatik, niretzat ohorea eta gozamena izan da elkarteak txapela ipintzea.
Gai gisa ere ipini zizueten. Peru Abarrategik eta zeuk kantatu zenuten, nerabe paperetik.
Ardura berezi bat sentitu nuen, ez baita edozein gai. Besteak ere ez ziren edozer gauza, baina egia da Araban bereziki mugitzen gaituen kontu bat dela, eta nahi nion gaiari ondo erantzun.
Gurasoei esker mezua: "Dena eman didatelako, jakina, baina batez ere beraiek ez zeukaten euskara beraien bidez jaso dudalako"
Agurrean ere elkartearen lana eskertu zenuen, eta horrez gain, aitari eta amari ere mezua bidali zenien.
Egin nuen akatsetako bat izan zen txapeldunaren agurra prestatuta ez eramatea. Ez nion garrantzirik eman. Txapelduna nintzela esan zidatenean, ama etorri zitzaidan burura oso azkar. Aretoan bertan zegoen. Aita hil zitzaigun duela urte batzuk, eta sentitu nuen biei zor niela zerbait. Dena eman didatelako, jakina, baina batez ere beraiek ez zeukaten euskara beraien bidez jaso dudalako.
Udazkenean helduko da Euskal Herriko txapelketa. Gogotsu zaude?
Ilusioa egiten dit kantatzeak, lehenengo aldia izango baitut, baina gogoa dut batez ere prestaketarako. Uste dut oso polita izango dela sailkatu garenon artean prestaketak egitea, elkarlanean, eta imajinatzen dut sailkatu ez direnak ere gonbidatuko ditugula, lagungarri izango baitira.