Asteazkenean, txanda bakoitzean, 15 minutuko lanuzteak egin dituzte banaketa arloko langileek, langile batzordeak deituta; larunbatean ere deituta daude asteburuko txandakoak. Adunako (Gipuzkoa) lantokiko mobilizazioekin enpresa negoziaziorako eseraraztea lortzea espero dute.
Asteazkenean ezohiko irudia izan da Adunako Elkar argitaletxeko atarian: langile batzordeak deituta, txanda bakoitzeko banaketako beharginek 15 minutuko lanuzteak egin dituzte. LABek gehiengoa duen batzordeak mobilizazioak deitu ditu larunbaterako ere, asteburuko txandarako. Enpresa atarian bildutako langileek lan kargak gehitu zaizkiela salatu dute, eta beren hitza kontuan hartzeko eskatu diete zuzendaritzari. Mobilizazioa arrakastatsutzat jo du langile batzordeak: enpresak dituen 250 langileetatik hamazortzik egin dute lanuztea gaueko mobilizazioan; 85 baino gehiagok eguerdikoan. Erakustaldi horrekin, enpresarekin negoziatu nahi dutela adierazi du batzordeak.
Elkar, euskarazko argitaletxe eta banatzaile handiena, hazten ari da. Duela bost urte bere biltegi nagusia Donostiatik Adunara eraman zuen, espazio kontuengatik. Ordutik, enpresa indartsu dagoela dio langile batzordeak, baina haren ajeak nabaritzen hasiak dira langileak; eta “kaos” gisa definitu dute egungo egoera. Ohar bidez salatu dute enpresa ez dela ondo moldatu bere hedapenera, eta horren ondorioak langileek pairatzen dituztela. Planifikazio falta azpimarratu dute, eta horrek eragiten duela langileengan; lan tresna eskasak, kaxa astunak, eta makineria berriaren kudeaketa desegokia salatu dituzte. Enpresan leku falta dagoela ere salatu dute. Horren aurrean, enpresari antolaketa eta komunikatzeko moduak moldatzeko eskatu diete, eta horiek langileekin elkarbanatzeko: “Erabaki horiek okerrak direnean guk pairatzen baititugu”.
Tolosaldeko Ataria-ri egindako adierazpenetan, langile batzordea baikor agertu da, argitaletxeak langileen ahotsa kontuan hartuko duen ustean. Azpimarratu dute euren asmoa ez dela zuzendaritzarekin harremanak puskatzea; kontrara, “kontaktua berreskuratzea eta bideratzea” dute helburu. Ohartarazi dute: “Jarreran gotortuz gero, esan nahiko luke ez gaituztela serio hartzen”.