Elkanori Ez ekimenak elkarretaratzea egin du asteartean Getarian (Gipuzkoa), antzerkiaren "izaera espainiarra, arrazista eta kolonialista" salatzeko. Elkanoren lehorreratzearen berrinterpretazioa baino hiru egun lehenago egingo dute, ekimenaren hitzetan, "espektakulua" baino lehen.
Elkanoren lehorreratzearen "izaera arrazista eta kolonialista" salatzeko, Elkanori Ez ekimenak elkarretaratzea egin du asteartean, abuztuaren 4an, Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan, 20:00etan, Elkanori ez, kolonialismoa salatu dezagun lelopean.
Lau urtean behin Getarian Elkanoren Lehorreratzea antzezten dute. Herri antzerkia da, 1522an Juan Sebastian Elkano San Lucar de Barrameda-ra (Cadiz, Espainia) iritsi zenekoari buruz, "lehen munduko bira" egin eta gero. Hain zuzen, ostiralean egingo dute, abuztuaren 7an. Ordea, ekimenak sareetan zabaldutako idatziaren arabera, "sarraski kolonial eta esklabista" omentzeko antzerkia da.
Ekimenak salatu du antzerkia "espainiar nazionalismoaren" ikur gisa erabiltzen dela: "[Elkano] Gaztelako Koroaren espedizio kolonial baten parte izateaz gain, armadaren eta erregearen aldeko figura esanguratsuenetakoa izan zen. Eta oraindik ere izaten jarraitzen du". Azken urteetan, Elkano "humanista, euskaldun, itsasgizon noble eta berdinzale" gisa ezagutarazi bada ere, Elkanori Ez ekimenaren ustez, itsasgizonak "Espainiako monarkiaren, armadaren eta nazioaren" sinbolo izaten jarraitzen du.
Kolonialismoa espektakulu
Ekimenak nabarmendu du historiako gertakariaren berrinterpretazioak iruditeria koloniala eta estereotipo arrazistak indartzen dituela, espedizio europearraren kontakizunean oinarritzen den horretan. "Herrialde ez europearrak homogeneoak eta estereotipatuak bezala irudikatzen dira, arrazializazioa eragiten duten ezaugarriak erabilita, adibidez, blacface eginez edo herrialde desberdinetako elementu kulturalak testuingurutik kanpo erabiliz", azaldu du. Horrek guztiak ondorioa du: "Beste behin, Europa historiako subjektu gisa kokatzea, eta kolonizatutako herrialdeak deshumanizatzea eta objektu bihurtzea".
Antzerkiaren beraren funtsa salatzearekin batera, ekimenak azpimarratu du azken urteetan ekitaldiak "bultzada handia" jaso duela, turismoarekin lotutako interesak medio. Eta hortaz, antzerkiak, ondorio historikoen eta egungo jarraipenaz hausnartzeko balio beharrean, iragan koloniala "espektakulu" bihurtzen duela.