Abenduaren 9an ekin zioten greba mugagabeari Elecnor Telecounicacioneseko langileek. Grebak hilabete bat bete duen honetan manifestazioa egin dute gasteizko erdigunetik LAB eta ELA sindikatuek bultzatuta.
Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileak urrian hasi ziren jasaten zituzten lan baldintza prekarioak hobetze aldera mobilizatzen. Bost greba egunen ostean eta zuzendaritzaren negoziatzeko borondate faltaren aurrean, iragan abenduaren 9an, greba mugagabeari ekin zioten.
Hilabete bete dute ostegunean greba mugagabean eta denbora tarte horretan enpresak ez du negoziazio mahai batean esertzeko inolako asmorik erakutsi. Abenduaren 23an batzartu zen azkenekoz langileekin, greba mugagabea abiatu zenetik deitu duten bilera bakarra, aurretik telefono deietara eta posta elektornikoen trukera mugatu du interlokuzioa Elecnorrek. Abenduaren 26tik hona enpresak ez die langile ordezkariei erantzun, are gehiago, bezeroen artean lan-gatazka konponduta zegoela zabaltzen aritu da zuzendaritza.
Enpresaren jarrerak, negoziaziorako borondate falta erakusteaz gain gatazka blokeatzeko duen intentzioa ere erakusten du. Bi aldeen arteko hurbilketa bat egon den aldiro edo langileek gatazka desblokeatzeko urratsak eman dituztenean aldagai berriak sartu ditu zuzendaritzak negoziazioan edo aurretik onartutako puntuak erretiratu ditu akordiotik.
Gatazka blokeatzeko nahiaren erakusle ere bada Bizkaia eta Nafarroako langileak bidali izana Arban lan egitera, langileen greba eskubidea urratuz. Langileek PRECOaren bitartekaritza eskatu dute zuzendaritza mahai baten bueltan eser dadin eskatzeko. Bide beretik, Arabako Foru Aldundiarengana jo zuten aurreko astean instituzio publikoari lan gatazkaren nondik norakoak azaltzeko, Arabako Foru Aldundiak Elecnor telecomunicaciones enpresaren zerbitzuak jasotzen baititu. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak ere enpresaren zerbitzuak jasotzen dituzte, langileak bi erakundeekin batzartzea aztertzen ari dira, hauek ere gatazkaren konponbidean inplikatu daitezen.