Ostegunerako greba orokorrera deitu dute Frantziako Estatuko sindikatu nagusiek. Bizitzaren garestitzea, gobernuaren aurrekontu proiektua, ikasleriaren eskubideak eta soldaten igoera dira aldarri nagusiak. 14:00etarako jarri dute hitzordua, Baionan.
Euskal Herriko Laborarien Batasunak ere bat egin du azaroaren 5erako Frantziako Estatuko sindikatu nagusiek deitu duten greba deialdiarekin. ELB sindikatuak ARGIAren erredakziora igorritako oharrean dioenez, "presazkoa da jendartearen zati handi baten zilegizko aldarrikapenak eztabaida publikoaren erdigunera ekartzea: hezkuntza eta zerbitzu publikoetarako ahalak, gazteriarentzako etorkizuneko aukerak, lanaren errebalorizazioa, larrialdi klimatikoaren aitzinean botere publikoek neurriko erantzuna ematea...". Egoera honetan solidarioak izatearen garrantziaz eta jendarte-mugimenduan parte hartzearen beharraz mintzo dira, eta gobernua kritikatu dute "azken mobilizazioen aurrean erakusten ari den errepresio bortitz eta deskonplexuarengatik".
Helarazitako oharrean Euskal Herriko baserrien "errealitate gordina" ere aipatu dute: "Desagertzen ari diren etxaldeak, minbiziak, suizidioak, muturreko indarkeria erabiltzen duen ordena ekonomikoaren izenean biderkatzen ari diren egoerak". Gaineratu dutenez, estatua ordenaren bermatzaile baino ez da izaten ari, justiziaren bermatzaile izan beharrean, eta egoera horren aurrean mobilizazioa beste biderik ez zaiela geratzen aipatu dute: "Gure boza entzunarazteko eta abian den mugimendu sozialari indar gehiago emateko".
Azaroaren 5ean, ostegunean, Baionako geltoki aitzinean jarria dute hitzordua, 14:00etan.