UGTk eta CCOOk diru publikoz ordaindu zituzten liberatuen soldatak Nafarroan, ELAren arabera

  • Sindikatuak azaldu du soldatak berdintasuna eta formazioa bultzatzea helburu duten hitzarmenen bidez ordaindu zirela. Hitzarmen horiek 2014an sinatu zituzten Foru Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, UGTk eta CCOOk.


2015eko urriaren 6an - 12:06
CCOOk eta UGTk Nafarroan dituzten arlo ezberdinetako liberatuek diru publikoa jaso izana salatu du ELAk.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sinatutako 24 hitzarmenetik lau aurkeztu ditu ELAK: guztira 945.000 eurokoak. Hitzarmen horietan liberatu batzuen soldatak ordaintzeko diru partidak daudela salatu du sindikatuak: “Batzuen kasuan soldaten %100”. ELAk azaldu duenez, CCOOn kasuan zerbitzuen, industria eta kimika arloko federazioetako zuzendaritza batzordeak eta zerbitzu pribatuetako zein arlo soziosanitarioko liberatuak egongo lirateke tartean. UGTren kasuan berriz, merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien arloko liberatuak.

Iñaki Zabaleta ELAko kidearen ustez “zentzugabeak” dira sinatutako hitzarmenak lan kalitatearen eta berdintasuna sustatzeko aholkularitza lanak direlako, eta horiek sindikatuek egin behar dituztelako. “Afiliatuen diruarekin egiten duguna, eurek (UGT, CCOO) nafarren diruarekin egin dute”.

Mikel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak adierazi du akordio horien helburua sindikatuak “indargabetzea” dela “sindikalismo mantsoagoa”  egin dezaten, eta gaineratu du horren bidez Nafarroako gobernuak ELAren eta LABen “sindikalismo aldarrikatzaileari” aurre egin nahi izan diola.

Salaketa ukatu egin dute

UGT eta CCOOk bi komunikaturen bitartez erantzun diote ELAren salaketari. Biek diru publikoa soldatak ordaintzeko erabili izana ukatu dute. Gaineratu dute ELAren helburua zalaparta sortzeko “salaketa interesatua” egitea dela, horren bidez bi sindikatuen irudia “zikindu” eta Nafarroako mapa sindikala “moldatzeko”. Era berean, salaketa “segituan zuzentzea” exijitu diote ELAri.

Bi sindikatuek azaldu dute liberatu  “bakar batek ere” ez duela soldatarik jaso diru publikotik, eta gaineratu dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin sinatutako hitzarmen guztiak “publikoak eta gardenak” direla.


Sindikalgintza kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...