ELAk salatu du Laudio Goikoa ikastetxeak amianto eta segurtasun arazo larriak dituela eta osasun prebentziorako neurriak hartu behar dituztela

  • Sindikatuak adierazi du zuzendaritzako arduradunek esku-hartzea eskatu dutela 2013tik, baina egindakoa ez dela nahikoa izan. Hezkuntza Sailari eraikinaren Arriskuen Ebaluazioa eta prebentzioari lotutako dokumentazio guztia eskatu dizkio, erabiltzaileen osasuna bermatzeko.


2026ko ekainaren 10ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Dirudienez, Laudio Goikoa hezkuntza zentroak ekarri duen soka luzea izango da. Izan ere, ELA sindikatuak aldarrikatu du ikastetxean segurtasunari lotutako arazo larriak daudela eta, ondorioz, inbertsioak beharrezkoak direla.

Aipatutako gabezien artean daude amiantoaren existentzia, instalazio elektriko zaharkitua, uraren kalitatearekin lotutako gorabeherak (nikelaren presentziaren ondorioz), erabileratik kanpo dauden komunak, igogailurik eza eta segurtasun-elementu batzuen narriadura, barandena barne.

Langile erakundeak gogoratu du Lanbide Heziketako ikasleek ez ezik, Zereginen Ikaskuntzarako Gelako ikasleak ere erabiltzen dutela espazioa. Horregatik, ELAren ustez, ezinbestekoa da irisgarritasun, segurtasun eta erabilgarritasun baldintza egokiak bermatzea.

Obrak eta jarduera akademikoa

Duela aste gutxi, Hezkuntza Sailak adierazi zuen Laudio Goikoa BHI itxiko zuela, baina herri mobilizazioa dela medio, iragarri du funtzionamenduan mantenduko duela.

ELAren aburuz, lanak eta jarduera akademikoa nola uztartuko dituzten ez jakiteak ezinegona sortu du langileen artean: "Oraindik ez du zehaztu nola egingo den hori, eta egoerak kezka handia sortu du hezkuntza-komunitatean".

Segurtasunari buruzko informazio guztia

Gauzak horrela, langile erakundeak exijitu du berebiziko kontrola osasun eta segurtasun esparruetan: "ELAk indarrean dagoen Arriskuen Ebaluazioa eta haren eguneraketak jasotzea eskatu du, baita ebaluazio horretatik eratorritako prebentzio-plangintza ere. Horrez gain, eraikinaren egoerari, amiantoari, uraren kalitateari, instalazio elektrikoei eta irisgarritasunari buruzko txosten teknikoak eskatu ditu, bai eta langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko ezarritako neurrien berri ere. Era berean, iragarritako jardueren egutegia eta gauzatze-epeak ezagutaraztea exijitu du".

Halaber, aldarrikatu du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak administrazioari langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko betebeharra ezartzen diola.

"Horregatik, gardentasuna, informazio eguneratua eta prebentzio-neurri eraginkorrak eskatu ditugu, langileen eta ikasleen segurtasuna ezin baita etorkizuneko inbertsioen edo erabaki administratiboen mende utzi", erantsi du.

2013tik eskaerak

Bide batez, sindikatuak gogoratu du 2013tik Laudio BHIko zuzendaritza-taldeek behin eta berriz eskatu dituztela eraikina konpontzeko eta hobetzeko lanak. Ordea, inbertsioak ez dira nahikoak izan, erakundearen aburuz, eta horregatik orain esku-hartze handia premiazkoa da.


Amiantoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...