ARGIAk argitaratutako ikerketa lanaren inguruko iritzia eman du ELA sindikatuak: “Osakidetzako sasiplataforma hori edota CCOO sindikatua iruzur prozesalak eragiten ari dira hizkuntz eskakizunak kentzeko”.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
ELA sindikatuak oharra kaleratu du astearte goizean, ARGIAk argitaratu ondotik Errenteriako Udaleko administrari lan deialdi bat sabotatu duela talde antolatu batek. Errenteriako Udalak pasa den astean jakinarazi zuen “eten” egin duela 25 administrari lanpostu betetzeko Lan Eskaintza Publikoko (LEP) deialdia, herritar batek euskara eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu eta gero. ARGIAk ezagutzera eman duenez, helegitea aurkeztu duen pertsona horrek lanpostu finkoa dauka Osakidetzan, eta Osakidetzaren barnean antolatutako Unidas Por las Libertad Lingüistica edo Hiztunen Berdintasunaren Alde (HBA) plataformako kidea da. Talde horren WhatsApp taldeko administraria da; 700 kide baino gehiago ditu, eta talde horretan helegitea aurkeztu zezakeen jende gehiagoren bila aritu zen, doako abokatua eskainita.
ELA sindikatuak “oso larritzat” jo du euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako kanpaina antolatuta dagoela egiaztatu izana. “Oldarraldi judizial euskarafoboak oldarraldi politiko eta sindikal bati erantzuten dio”, azaldu du ohar bidez. Izan ere, ELAren iritziz, HBAren plataforman parte-hartze sindikala dago, “sindikatu euskarafoboa”. CCOO sindikatua, hain zuzen. “Iruzur prozesalak” egiten ari dela salatu du hizkuntz eskakizunak kentzeko: “CCOO sindikatuak behin-behineko langile gazteleradun elebakarrak kaleratzeko balizko arriskua erabili izan du bere kanpaina abiarazteko aitzakia gisa; ARGIAren erreportajeak frogatu du hainbat kasutan demanden atzean interes politiko hutsa izan dela prozedura judizialak martxan jartzeko arrazoi bakarra”.
ELAren iritziz, garaia da alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboei aurre egiteko, eta Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. “CCOO sindikatuaren eta enparauen oldarraldiari ausardia politikoz erantzun behar zaio”, azpimarratu du ELAk.