Azaroaren 11ko grebaren atarian, ELA sindikatuak salatu du higiezinen ereduak sortu dituen desberdintasun sozialak ez direla saihestezinak eta euskal erakunde publikoei leporatu die eredu hori lehenetsi izana eta eraikuntza enpresei eta bankuei mesede egin izana. Etxebizitza politikak “beste norabide bat har dezan” eskatzeko, azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzera dei egin du.
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, foru aldundiei eta udalei eskatu die beraien eskumenak balia ditzatela eredua aldatzeko, alegia, “enpresei etxebizitzak eskuratzea galarazteko, funts putreen ondasunak desjabetzeko, alokairuko parke publikoa handitzeko, eta bankuen abusu monopolistikoa amaiaraziko duen banku publikoa sortzeko”.
ELAk Hego Euskal Herriko etxebizitzaren krisiari buruzko txostena egin du. Azterketa horren arabera, gaur egungo etxebizitza politikak pobrezia eta desberdintasuna eragin ditu. Adibidez, alokairuaren bidez, ehunka milioi transferitzen dira urtero errenta apaletatik aberatsenetara. EAEn eta Nafarroan diru sarrera txikienak dituzten biztanleen %40k fakturaren %62 ordaintzen dute, eta aldiz, %20 aberatsenak errenten diru sarreren % 55 jasotzen du. Hipotekei dagokienez, Hego Euskal Herrian ohiko hipoteka bat duenak bankuei, batez beste, 67.000 euro ordaintzen dizkie interesetan. Enpresa eta funts putreen jokabideari dagokionez, gero eta etxebizitza gehiago eskuratu dituzte azken urteotan, beti ere txostenaren arabera. Adibidez, azken sei urtean etxebizitza turistikoen kopurua %22 hazi da eta alokairuko etxeak jabe handien esku daude gero eta gehiago. Nafarroan, alokairuko etxeen %30 dago jabe handien esku.
Etxebizitza: herritarrak pobretzeko faktore nagusietako bat
Txosteneko datuek hala diote: EAEko eta Nafarroako pobrezia-tasak % 17,1tik % 25,7ra egiten du gora etxebizitza ordainduz gero. Ehunekoa okerragoa da alokairuan dauden biztanleetan: % 41etik %68ra pasatzen da. Etxebizitzaren prezioak soldatak baino bi aldiz gehiago hazi dira. 2015etik hona, erosteko prezioa %66 handitu da EAEn eta %63 Nafarroan; soldatak, berriz, %35 eta % 32 handitu dira, hurrenez hurren.
Etxebizitza babestuen inguruan, irakurketa larriagoa egin du txostenak, batik bat alokairukoei dagokienez. EAEn 112.095 pertsona daude etxebizitza bat lortzeko zain, eta Nafarroan 24.721. EAEn baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzen erdiak kalifikazioa galdu dute edo galtzear daude eta Nafarroan etxebizitza babestu gehienak pribatu bihurtuko dira datozen urteetan.
Eredua aldatzeko neurrien proposamena
Txostenak espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak jaso ditu: bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu; higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi; banku publikoa sortu; alokairuaren prezioetan esku hartu; alokairuko parke publikoa handitu; etxebizitzaren fiskalitatea aldatu; eta etxebizitza esparru propiorantz jo.