argia.eus
INPRIMATU
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez
  • Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 23a
Zerbitzu publikoak aldarrikatzeko elkarretaratze bat. Argazkia: Marisol Ramirez / Argia CC BY-SA

ELA sindikatuak azaldu duenez, 45.500 langile daude Osakidetzan, eta horietako “asko” estrukturalak kontsideratzen ez diren lanpostuetan daude. Beste batzuk aldiz, estrukturalak diren lan-postuetan, baina behin behinean: “22.000 langile baino gehiago behin-behineko langileak dira, horietako zati handi bat sortu ez diren lanpostuetan dago lanean”. Osakidetzan soilik 31.011 lanpostu dira egiturazkoak. 

Eusko Jaurlaritzak iragarri du 1.431 lanpostu sortuko dituela, baina ELA sindikatuak salatu duenez lanpostu horiek ez dute plantilla handituko eta indartuko: “Ez dira lanpostu gehiago sortuko. Behin-behinean lanean daudenen lanpostuak formalizatuko dira”.

Horregatik, gaur egun formalizatu gabe dauden egiturazko lanpostuak formalizatzea eta aldi baterako langileak kontsolidatzea eskatu du ELAk.

ESK sindikatuak ere kritika egin, eta esan du Jaurlaritza “kea saltzen” ari dela, ez delako "benetako" igoerarik egongo: “Erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzen ari dira". Horregatik, gezurrik ez esateko, eta giza baliabideen “benetako” plan bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari; hala nola plantilla “benetan” eta “eraginkortasunez handitzea” eta lan-kargaren eta arrisku psikosozialen azterketa “zorrotza” egitea nahi dute.