Prisa eta Vocento taldeko egoitzak markatu dituzte eta “estatu kapitalistaren makinariaren parte” direla salatu du Jarki antolakundeak.
Hedabide ezberdinak seinalatu ditu Jarkik, “kapitalismoaren eta inperialismoaren bozeramaileak” direla salatzeko. Gasteizen, pintaketa bidez markatu du El Correoren egoitza. Modu horretan, zenbait hedabide “kapitalaren krimenen eta inperialismoaren enbataren aurrean isilik geratzetik urrun, hauei laguntzeko lanean” aritzen direla salatu dute.
“Kazetariz mozorrotutako burgesiaren eta kapitalaren mesedepeko bozeramaile baimenduak ditugu Euskal Herriko prentsan lanean” salatu du Jarkik. Ekimena Maiatzaren Lehenaren testuinguruan kokatzen da, eta “inperialismoaren eta miseriaren konplize diren hedabideak salatzea” beharrezkotzat jo du antolakundeak.
Sare sozialetan zabaldutako agiri batean, Sud Ouest, Prisa, Vocento eta Planeta hedabide taldeak salatu dituzte, eta estatu kapitalistaren makinariaren parte direla nabarmendu dute: “egia desitxuratuz eta informazio makurren bitartez kapitala eta inperialismoaren jarduna zilegitzen dituzten berriak ekoizten dituzte, hauen krimenak eta erroko izaera ezkutatuz”. Gasteizen Vocento taldeko El Correoren egoitza seinalatu dute, eta Donostian Prisa taldeko Cadena Ser irratiaren egoitza, “Gerra inperialista eta miseriaren konplize” pintada bat eginez.