2026ko abuztuaren 28an - 09:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Seoul Philharmonic Orchestra
Zuzendaria: Jaap van Zweden. Easo Abesbatza. Zuzendaria: Gorka Miranda. 
Bakarlariak: Gloria Jieun Choi (sopranoa), A Kyeong Lee (mezzoa), Ji Hoon Son (tenorea), eta Matthias Goerne (baritonoa). 
Egitaraua: Adams eta Beethovenen lanak. 
Non: Kursaal Auditorioan, Donostian.
Noiz: abuztuaren 25 eta 26an.

------------------------------------------------------

Musika Hamabostaldiaren edizio bakoitzeko azken txanpak orkestra handi batzuk ekartzen dizkigu beti.

Oraingo honetan, Seoul Phiharmonic Orchestrak, Ekialdeko orkestra handienetako batek, lehen aldiz bisitatu gaitu. 1945ean sortu zen, bere herrialdeko enbaxadore kultural gisa, eta 2005etik aurrera bultzada eta hedapen handia izan du nazioartean; eta hori mugarri batzuen bidez gertatu da, hala nola Deutsche Grammophonekin egindako kontratu baten bidez.

Oro har, esan behar dut oso soinu gardena duen orkestra dela, ez dela orkestra dentsoa soinu-ehundurari dagokionez. Hau da, ez du zerikusirik Europa erdialdeko orkestra handiekin, soinu freskotasuna baitakar. Jakina, hori ez da soilik formazioaren ezaugarrien ondorioa, Jaap van Zweden zuzendaritza arinarena ere bada.

Agian zaila da esplikatzea, baina orkestra honek erraztasuna eta "deskonplikazioa" transmititzen ditu, eskainitako bertsioei minimalismo dosi bat eman zien erraztasun moduko bat. Bi kontzertu lasaigarri izan ziren, tai-chi saio pare bat, nire ikuspuntutik.

Hilaren 25eko kontzertua ederra eta bariatua izan zen. Orkestrak bere gaitasun dramatikoa erakutsi zuen Jung Jae-ilen Inferno interpretatzean (nazioartean ezaguna den konpositorea, Txibiaren jokoa filmaren soinu-bandaren egilea izateagatik). Obra bizia da, ñabarduraz betea, eta harrituta utzi gintuen bere tinbrearen aberastasunak.

Jarraian, Mozarten KV 550 sol minorreko 40. Sinfoniak orkestraren soinu-gardentasunaz eta van Zwedenek erakutsi zuen arintasun bereziaz gozatzeko aukera eman zigun. Zuzendariak tempi azkarrak aukeratu zituen, eta Mozart etereo bat eskaini zuen, zeinetan sokak eta egurrak bikain luzitu baitziren.

Bigarren zatian, Mendelssohnen Biolinerako Kontzertua mi minorrean op. 64 eskaini ziguten, Bomsori Kim bakarlariarekin. Konpositore alemanaren klasizismoz jantzitako erromantizismoak irakurketa dotorea izan zuen orkestraren aldetik, baita bakarlariaren aldetik ere, nahiz eta soinu proiekzioa falta izan zitzaion. Une batzuetan, bakarlariaren soinua diskretuegia izan zen. Nolanahi ere, bere jarduna birtuosistikoa eta adierazkorra izan zen.

Saioa onena ematen amaitu zen: Ottorino Respighiren Erromako pinuak, P.141 lanarekin, hain zuzen ere. Poema sinfoniko honek, 1924an konposatua, Erromako hainbat pinudi erretratatzen ditu. Konpositoreak leku horietako bere inpresioak musikara eraman ditu, ñabardura eta kolore musikal ugarirekin. Orkestrak, van Zwedenen gidaritzapean, bertsio zoragarria egin zuen, ahazteko zaila izango den kolore eta ehunduren festa batekin.

Seulekoek publikoa maitemindu zuten, eta propina ederra eskaini zuten: Dvoraken dantza eslabiar kementsu bat.

Seulgo Orkestraren bigarren topaketak ilunpetik argirako bidea egin zuen. John Adamsen The wound-dresser Walter Whitmanen poema batean oinarritutako lan labur baina lazgarria da, non egileak Ameriketako Gerra Zibilean ospitale batean boluntario gisa izandako esperientzia kontatzen duen. Matthias Goerne baritonoaren interpretazio gordinak ederki azpimarratu zuen testu dramatikoa. Bere ahots ilun, hotza tresna egokia izan zen poema musikal honen laztasuna transmititzeko.

Eta iluntasunaren ondoren argia heldu zen. Beethovenen 9. Sinfonia, re minorrean op. 125, Korala, bere lau mugimenduetan, musikaren bidez gizateria osoaren batasunari, askatasunari eta besarkada unibertsalari egindako kantua da.

Seoul Philharmonic Orchestrak bere ezaugarriekin bat zetorren bertsioa egin zuen: freskotasunez, nolabaiteko arintasunez eta tempi ohi baino azkarragoak erabilita. Benetan bertsio polita. Easo Abesbatzak asmatu egin zuen une batzuetan, baina, oro har, bere esku-hartzeak "estridenteak" izan ziren eta biribiltasuna falta egin zitzaion. Agian horrexek desluzitu zuen obra handi honen bertsioa.

Bakarlariei dagokienez, paper ona egin zuten. Glora Jieun Choi sopranoak bere tinbre argitsua erakutsi zuen. Eta A Kyeong Lee mezzoak, Ji Hoon Son tenoreak eta Matthias Goerne baritonoak adierazkortasuna eskaini zuten beren ahotsen kalitatearen bidez.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...