AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoetan, eskola bat bonbardatu eta 168 neska hil zituzten. Orain, AEBetako ikertzaile militarrek diote “litekeena dela AEBak izatea erasoen erantzule”. Bestalde, Sri Lankako kosta parean AEBek erasotu zuten Irango itsasontziaren bertsioa ere zalantzan jarri du Indiako Kanpo Harremanetarako idazkari ohiak.
Iragan larunbatean, AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoen lehen egunean, Minabeko eskola bat bonbardatu zuten. Eskola eguna zen, eta goizeko klasean zirela, misilek bete-betean jo zuten Shajareh Tayyebeh eskola, 10:00etatik 10:45era bitartean. Ondorioz, hormigoizko eraikina hondakin bihurtu eta zazpi eta hamabi urte bitarteko 168 neska hil ziren.
Sarraskiaren erantzukizuna norena den inguruko zalantza handirik ez bazegoen ere, ostiral honetan, Reuters-en eskutik jakin dugu AEBetako armada erasoa ikertzen ari dela. Lehen informazioen arabera, ikertzaile militarrek uste dute “litekeena dela AEBak izatea larunbatean Irango nesken eskolaren aurka egindako erasoaren erantzuleak”, hala ere, oraindik ez dute behin betiko ondoriorik atera. Ez dute ikerketaren beste daturik publiko egin: ze munizio mota erabili zen, nor izan zen arduraduna, edo zergatik egin eraso zioten eskolari. Halaber, ez dago jakiterik ikerketak zenbat iraungo duen edota ikertzaile estatubatuarrak zein proba bilatzen ari diren. Pete Hegseth AEBko Gerra idazkariak asteazkenean onartu zuen armada estatubatuarra erasoa ikertzen ari dela.
Sri Lankako ontzia “babesgabe” zegoen
Bestalde, entzutetsu egin da asteazkenean AEBak leherrarazi duen itsasontzia Indiako ozeanoan. AEBetako itsaspeko batek torpedo bat jaurti zuen –lehen aldiz, II. Mundu Gerraz geroztik– Sri Lankako hegoaldeko kostaldearen aurrean, Pete Hegseth berak baieztatu zuenez. Erasoak 87 hildako eta dozenaka desagertu eragin zituen gutxienez. AEBeak zabaldutako lehen informazioen arabera, ontzia irandarra zen eta herrialde pertsiarraren “anbizioa” irudikatzen zuen. Azaldu zutenez, “beraien mugetatik harago boterea proiektatzeko, eta irismen luzeko erasoak egiteko gai dela frogatzeko” zegoen ontzia bertan.
Bertsio hori zalantzan ipini du Kanwal Sibal Indiako Kanpo Harremanetarako idazkari ohiak. Sare sozialetan adierazi duenez, AEBek Irango ontziari “traizioz” eraso egin zioten; izan ere, ontziak ez zeraman muniziorik, Indiak gonbidatuta, erakustaldi militar batean parte hartzen zegoelako, eta halako ariketetan ontziek ezin dute muniziorik izan: “Babesgabe zegoen”, esan du Sibalek. Gaineratu du, halaber, erasoa “aurrez pentsatua” zegoela, AEBak ekitaldira gonbidatuta zeudelako, baina azken unean parte hartzeari uko egin ziotelako, “ziurrenik operazio hori buruan zuela”.