argia.eus
INPRIMATU
EITBren administrazio kontseilurako euren ordezkariak izendatu dituzte alderdiek
  • EAEko talde parlamentarioek EITBren administrazio kontseilurako hautatu behar dituzten 15 hautagaiak aurkeztu dituzte. Azken 4 kontseilariak Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, EHUk, Euskalerriaren Adiskide Elkarteak, sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek proposatzen dituztenen artean aukeratuko dira.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 13a
19 ordezkarik osatuko dute EITBren administrazio kontseilua (Argazkia: eitb.com)

Iñigo Iturrate eta Luke Uribe-Etxebarria parlamentariek eta Elixabete Piñol parlamentari ohiak kontseiluan errepikatuko dute EAJren aldetik. Manuel Allende EBBko kide ohiak, Xabier Barandiaran irakasle eta soziologoak eta Juan José Baños Deiako zuzendaria izandakoak osatzen dute jeltzaleen zerrenda.

EH Bilduren ordezkariak, berriz, 2005 eta 2009 arteko hezkuntza sailburu Tontxu Campos eta Karmelo Landa, Beatriz Narbaiza eta Txema Ramírez de la Piscina EHUko irakasleak izango dira.

PSE-EEren aldetik jadanik kontseilari diren Carlos Gorostiza parlamentari ohiari eta Alma Fernández kazetariari Mikel Unzalu legebiltzarkidea gehituko zaie.

Azkenik, Nerea Llanos Bizkaiko PPko idazkari orokorra eta Gorka Angulo kazetaria aurkeztu ditu Alderdi Popularrak. UPyDk ez du inor aukeratu, Gorka Maneiro bozeramailearen ustez profesionalek egin beharreko lana delako.

Gasteizko Legebiltzarrak zerrenda osoa bozketaren bi herenekin onartu behartuko du.