ETB1 On kateak ordubete luzatuko du haurrei euskaraz eskaintzen dien edukia astelehenetik aurrera. 07:00etatik 20:00ak arte haurrentzako eduki esklusiboa transmitituko du, Euskalgintzaren Kontseiluak, Pantailak Euskaraz-ek eta Ikastolen Elkarteak eskatuta.
ETB3 ordeztu duen ETB1 On katea haurrentzako hamabi orduko programazio esklusiboa eskaintzetik, hamahiru ordukoa transmititzera igaroko da, Berriak jaso duenez. Orain 07:00etatik 19:00etara bitarte haurrentzako euskarazko saioak eskaintzen ditu eta astelehenetik aurrera 20:00ak arte zabalduko du programazioa. Astegunetan, gehitutako ordu horretan, maiatzaren 1etik EITBko haurrentzako Makusi plataforman eskuragarri dagoen Henry Danger saioa eskainiko du.
Apirilaren 13an ekin zion EITBk ETB1 On katean hamabi orduz haurrentzako edukiak transmititzeari. Hala ere, familia askoren kexak jaso dituzte, datuen arabera 17:00-20:00 ordu tarteak baitira haurrek pantaila aurrean denbora gehien igarotzen dituzten uneak. Euskalgintzaren Kontseiluak, Pantailak Euskaraz-ek eta Ikastolen Elkarteak eskatuta, EITBko zuzendaritzak edukiak ordubete luzatzea onartu zuen.
ETB3 eta ETB4-ren itxiera
Azken urteetan EITB murgilduta dagoen digitalizazio prozesuaren baitan onartu zen ETB3 eta ETB4 kateak ETB1 On eta ETB2 On kateak izatera igarotzea. Hasiera bateko asmoa, “proposamen eta eduki berezi eta osagarriak” eskaintzea zen, ETBko Isabel Octavio Uranga zuzendariak Berria-n adierazi zuenez. Hortaz, aurretik grabaturiko edukiak, eta ETB1 eta ETB2ko albiste eta gaurkotasun saioak eskaintzeko asmoa zuten.
Haurren edukiaren transmisioa bermatzeko, Pantailak Euskaraz taldeak ETB3 ez itxi! kanpaina abiatu zuen, 30.000 sinadura lortu zituena, ondorengo eragile eta sindikatuen babesarekin: Euskalgintzaren Kontseilua, Aldatu Gidoia, Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, Taupa Mugimendua (Kukulaisi), Hezten taldea, Zirimola Aisialdi Taldea, Gazte Euskaltzaleen Sarea eta ETBko ELA, LAB, ESK, eta Steilas sindikatuak. Horretaz gain, agerraldiak eta protestak egin zituzten talde euskaltzaleek, eragileek eta sindikatuek.
Aldatu Gidoia Euskararen Alde herri mugimenduak jaso zuenez, neurriak 170.000 haur eta gazteren “eskubideetan” eragina izan behar zuen, hain zuzen ere, Eustat-eko datuek erakusten dutenez, Hego Euskal Herriko etxeen %40k ez du Internet bidezko edukirik ikusten.
Presioaren aurrean EITBko zuzendaritza eragileekin bildu zen eta neurria atzera botatzea erabaki zuen. Geroztik, hamabi orduz haurrentzako eduki esklusiboa eskaini dute ETB1 On katean. Hala ere, EITBk bi kate berrietako edukiak Hegoaldean zein Ipar Euskal Herrian “mugarik gabe” ikusteko aukera izango dela adierazi duen arren, ez dela erabat bete. Nafarroaren kasuan, ETB3rekin gertatzen zen bezalaxe, eremu batzuetan ez dute ETB1 On ikusteko aukerarik. Ipar Euskal Herrian berriz, Makusi eta Primeran plataformen edukien %25a soilik dute eskuragarri, Frantziako Estatuak ez duelako edukien baimenik.
Ipar zein Hego Euskal Herrian EITBko edukia nazioarteko murrizketarik gabe ikusteko EITBk Youtuben egiten duen zuzenekora jo behar dute, zeinak ETB1 On kateko edukiak transmititzen dituen. Telebista konbentzionalean edo plataformetan ikusteko oztopoak dituzte.