Gipuzkoako Diputatu Nagusia CAFen defentsan atera da, eta adierazi du palestinarren kontrako genozidioa ez dela “ez erakunde publikoen, ez enpresen, ezta unibertsitateen erantzukizuna” ere. “Erantzukizun bakarra Netanyahurena da”.
Asteartean egin du agerraldia Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Donostian, bere gobernuaren akordio eta erabakien berri emateko. Bertan, CAFen inguruan galdetu diote, fiskaltza salaketa bat ikertzen ari baita, enpresa gipuzkoarrak Palestinaren kontrako genozidioan duen inplikazioarekin lotuta. Izan ere, CAFek Jerusalemgo Tren Arinaren eraikuntza eta mantenua kudeatzen du, Israelek eremu okupatuan dituen kokalekuak lotzen dituena. Salaketa sei antolakundek jarri zioten CAFeko Administrazio Kontseiluari eta bere sei enpresa-filialen zuzendariei. Nazio Batuen Erakundeak irailean CAF bere zerrenda beltzean sartu zuen, Israelek okupatutako lurraldeetan jarduteagatik.
Galderei argi erantzun die Mendozak, esanez enpresa gipuzkoarrak palestinarren kontrako sarraskian ez duela ardurarik, eta baloiak kanpora bota ditu. Adierazi du Palestinako egoeraren erantzukizuna ez dela “ez erakunde publikoen, ez enpresen, ezta unibertsitateen erantzukizuna” ere, “erantzukizun bakarra Netanyahurena da”. Halaber, esan du “kanpoan dauden etsaiak etxean ez bilatzeko”.