LAB, Steilas, ELA eta CGT-k elkarretaratzea egin dute Gasteizko Letren Fakultatean EHUren azpifinantzaketa salatu eta unibertsitate publikoa indartzearen premia azpimarratzeko.
EHUren azpifinantzaketa salatu dute sindikatuek ikasturte hasieran. Diotenez, unibertsitatearen finantzaketa mailak “ezin die euskal jendartearen behar eta erronkei erantzun, ezta bere langileen lan baldintza eta soldata egokiak bermatu ere”.
Aurreko urtean egoera bera salatu zuten, zalaparta sortu zen unibertsitate publikoaren finantzaketaren inguruan, eta aurtengo egoera antzekoa dela aipatu dute. Sindikatuen hitzetan, ez da urte bateko arazoa, “egiturazko arazoa baizik”. Eusko Jaurlaritza kritikatu dute, esanez unibertsitate publikoa indartzea ez dela Jaurlaritzaren lehentasuna.
Aho batez egin duten aldarrian, egiturazko arazoei aurre egiteko beharraz aritu dira. Besteak beste, langileen promozio eskubidea bermatu, soldatak igo, irakasleen errelebo ezari konponbidea eman, irakasle eta ikertzaile plaza berriak sortu, azpikontratatutako zerbitzuak publifikatu eta berdintasunean eta EHUren euskalduntzean pausoak emateko exijitu dute.
Unibertsitate publikoan beharrezkoa denean ikasleentzako plaza gehiago eskaintzeko aukera aldarrikatu dute. Sindikatuek diotenez, baliabide hori martxan ez jartzeak unibertsitate pribatuei egiten die mesede. Azken urteetan unibertsitate pribatuek geroz eta plaza gehiago eskaintzen dituztela azaldu dute eta, beraz, ikasleen partetik eskaera eta beharra dagoela.
Bide horretan, erakunde publikoak kritikatu dituzte unibertsitate pribatuei “babes instituzional eta ekonomiko handia ematen dietelako”. Babes hori, besteak beste, lur publikoen lagapenarekin eta bestelako erraztasunen bitartez egiten dela argudiatu dute.
Bukatzeko Euskal Unibertsitate Lege berriak “kezka handia” sortzen diela aipatu dute sindikatuek. Lege-proposamen horretan unibertsitate publiko eta pribatuak “euskal unibertsitate sistema harmoniko baten osagai gisa” aurkezten direla diote, eta unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko aukerak berresten ditu. EHUren finantzaketa berriz, kanpo finantzaketa lortzeko gaitasunarekin gero eta gehiago lotzen da. Gainera unibertsitate pribatuei ezartzen zaizkien baldintzak unibertsitate publikoari ezartzen zaizkionak baino malguagoak direla diote, adibidez euskararen presentzia, zerbitzuen eskaintza edota irakasleen kualifikazioa.